Hemen zaude: Hasiera Albisteak Zornotzarren sortze lanak bilduko ditu Amorebieta-Etxanoko liburutegiak erakusketa bat antolatzeko

Zornotzarren sortze lanak bilduko ditu Amorebieta-Etxanoko liburutegiak erakusketa bat antolatzeko

2020/03/17
Egoera berezi honek eragiten dizkigun sentimenduak adieraziz sortzen diren lanak bildu eta normaltasuna iristen denean Zelaieta zentroan erakustea da proiektuaren xedea.

Koronabirusari buruzko erakusketa antolatzeko asmoa dauka Amorebieta-Etxanoko liburutegiak eta, horretarako, zornotzar guztiak gonbidatzen ditu euren sortze-lanekin parte hartzera. Herritarren “arte-etorria” erakusteko parada bikaina da, aurre egin beharreko egoera berezi hau zelan bizi duten kontaturik.

Gazteenek isolamenduan nola diharduten adierazten duten marrazkiak bidaliaz har dezakete parte: zelan jolasten diren, zer ari diren irakurtzen, eguna nola ematen duten… Adinetan gora joan ahala, berriz, mikroipuinak (kontakizun laburrak) idatzi eta helaraz ditzakete, emozioak,  larritasuna, solidaritatea, asperdura… egun korapilatsuotan pilatzen ari zaizkigun sentimenduak azken batean, paperan islaturik.

Hartzen diren lanen hautaketa egingo du liburutegiak eta Zelaieta zentroan jarriko ditu erakusketa batean, normaltasuna itzultzen denean bizipenetako batzuk ikus ditzaten zentrora bertaratzen diren guztiek. Proiektu honen helburua, etxean geratu diren pertsonei sentimenduak adierazteko bidea eman eta isolamendua eramangarriago bihurtzeaz gain, bizitzen ari garena bezalako muturreko egoera batean hiritarrek aurre egiteko era ezberdinak erakustea ere bada.

Liburutegiaren helbide elektronikora bidal daitezke lan guztiak: . Aldez aurretik eman nahi dizkizuegu, parte hartzen duzuen guztioi, eskerrak, eta honelako proiektuak sustatzeko mota guztietako ekarpenak egitera animatu nahi zaituztegu.