Hemen zaude: Hasiera Albisteak Zornotzarrek “oso ongi” nota eman diete Amorebieta-Etxanoko jaiei, eta euren iraupenari eutsi nahi diote

Zornotzarrek “oso ongi” nota eman diete Amorebieta-Etxanoko jaiei, eta euren iraupenari eutsi nahi diote

2017/06/12
• Jai-garaian, herritarren segurtasunak eta udalerriaren garbitasunak 10 puntutik 8 jaso dituzte • Udalak dagoeneko eskuratu ditu herritarrek parte hartzeko abiarazi zuen prozesuaren emaitzak; prozesu horretan bildu dira Amorebieta-Etxanoko biztanleek jaien inguruan dauzkaten iritzi eta iradokizunak • Gehiengoa jaiak orain arte izan duten luzaeraren alde agertzen da • Karmengo jaien kartela Mikel Berrojalbiz zornotzarrarena izango da.

Amorebieta-Etxano, 2017ko ekainaren 12a. Udalerriko biztanleek “oso ongi” nota eman diete Amorebieta-Etxanoko Karmengo jaiei. Zehazki, 10 puntutik 7 eman dizkiote jaien kalitateari.

Horixe da Gizaker enpresak egin duen txostenaren ondorio nagusietako bat. Enpresa hori arduratu da, hain zuzen, Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarrek parte hartzeko abiarazi zuen prozesua zuzentzeaz; hots, udalerriko jaiei buruzko iritziak eta iradokizunak biltzekoa. Ekimen horren bidez, udalak herritarren ahotsa entzun nahi izan du, inplikatutako eragile guztien artean lan eginda benetan jai herrikoiak ospatu ahal izateko, udalerriko biztanle guztiek atsegin izango dituztenak.

Txostenak azpimarratu ditu zornotzarrek hobeto baloratu dituzten jarduerak; honako hauek, alegia, eta ordena honetan: marmitako-txapelketa, txupinazoa eta haurren danborrada. Izan ere, jarduera horiek biltzen dute jende gehien, musika-emanaldi eta kontzertuekin batera.

Jaien iraupenaren ildotik, gehiengoa (% 41.5) orain arte ezarrita dagoen egutegia mantentzearen alde agertzen da. Ez da adostasun argi bat agertzen jaien iraupenaren inguruko aldaketak egiteko orduan. Inkestak beste datu batzuk ere ezagutarazi ditu: esate baterako, 10 zornotzarretik 8k ez lukete jaien ezer aldatuko, eta herritarren % 90ek egungo jai-esparruei eutsi egin nahi die, ez lukete horietako bat ere ez kenduko. Bestalde, inkestan parte hartu dutenen % 60k uste du Amorebieta-Etxanoko jaiak ez daudela berdintasunez zuzenduta profil guztietara.

Gehien baloratu dituzten zerbitzuen artean, aipatzekoa da 8 puntu eman dizkietela (10 puntutik) herritarren segurtasunari eta udalerriaren garbitasunari jai-garaian.

 

Jaien kartela

Beste alde batetik, Jai Batzordeak dagoeneko enkargatu du 2017ko Karmengo Jaiak iragartzeko kartela. Jaiak, aurten, uztailaren 15ean hasi eta uztailaren 27an amaituko dira.

Aurtengo kartela jai-irudien puzzle bat, Mikel Berrojalbiz zornotzarrak egin du.