Hemen zaude: Hasiera Albisteak Zornotza Aretorako sarrerak online erosi ahal izango dira komisiorik ordaindu gabe

Zornotza Aretorako sarrerak online erosi ahal izango dira komisiorik ordaindu gabe

2019/10/30
• Azaroaren 1etik aurrera zinemarako sarrerak edozein lekutatik erosi ahal izango dira eta kudeaketa gasturik gabe, zornotzaaretoa.eus eta ametx.eus webguneetatik. • 2020tik aurrera, Zornotza Aretoko ikuskizun guztietara zabalduko da neurri hau.

Amorebieta-Etxano, 2019ko urriaren 30a. Azaroaren 1etik aurrera Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretorako sarrerak online erosi ahal izango dira zornotzaaretoa.eus eta ametx.eus webguneetan, komisiorik gabe.

Horrela, ikuskizun bat ikusi nahi dutenek bere sarrera erosi eta jesarlekua aukeratu ahal izango dute telefono mugikorretik edo ordenagailutik, sarrerak inprimatu beharrik gabe, eta gainera, ez da komisiorik ordaindu beharko. Zinemarako sarreraren prezioa ordaindu beharko da bakar-bakarrik.

2020an neurri hau Zornotza Aretoko ikuskizunetara zabalduko da. Sistemak ikuskizun eta filmak baloratzeko aukera emango du, erreseinak erantsi, eta horrenbestez aukera emango du erabiltzaileari interesatzen zaionari buruz beste batzuk ze iritzi duten ikusteko.

Sistema aldaketa honen ondorioz, Zornotza Aretoko sarreran dagoen totema kendu egingo da, orain sarrerak eguneko 24 orduetan eskuratu ahal izango baitira komisiorik gabe. Gailu mugikorren bidez sarrerak erosteko zailtasunak dituztenentzat, Zornotza Aretoko langileek aholkularitza eta laguntza emango dute lehenengo hilabeteetan Aretoan bertan.