Hemen zaude: Hasiera Albisteak Asteazken honetan Zornotza Aretoan ikusgai egongo da duela gutxiko Amorebieta-Etxanoren historiari buruzko dokumentala

Asteazken honetan Zornotza Aretoan ikusgai egongo da duela gutxiko Amorebieta-Etxanoren historiari buruzko dokumentala

2019/04/08
• “Zornotzarra naz eta harro nago” izenburua duen filma asteazken honetan ikusi ahal izango da, apirilak 10, 20:00etan. • Dokumentalak herrian bizi izan diren eta bizi diren hainbat lagunen testigantzak biltzen ditu eta beste hainbat arloren artean, kultura, euskara edo politikan izandako beraien esperientziak kontatuko dituzte.

Amorebieta-Etxano, 2019ko apirilaren 8a. Asteazken honetan, apirilak 10, 20:00etan, Zornotzarra naz eta harro nago dokumentalaren estreinaldia izango da Zornotza Aretoan. Dokumental honek gure herriaren duela gutxiko memoria biltzen du. Amorebieta-Etxanoko ondare immaterialari hurbiletik heldu nahi zaio.

Horrela, guztira 40 elkarrizketatuk beraien oroitzapenak kontatuko dituzte, hasi Frankismoaren azken egunetan eta gaur egunera arte. Arlo ezberdinetako zornotzarren hainbat testigantzarekin, garai hartan kultura, gure zornotzar izaera, euskara eta politika nola bizi ziren gogoratuko da beste batzuen artean, eta nola joan den herria aldatuz gaur egunera iritsi arte.

Parte-hartzaileen artean Amorebieta-Etxanok demokrazian izan dituen bost alkateak egongo dira, Udabarriren sortzailea, Joxe Mari Agirre; Eneko Atxa sukaldaria, Bego Azketa El Cojo jatetxekoa, herriko ikastetxeetako ordezkariak edo kirol elkarteetako ordezkariak.

“Zalantzarik gabe Amorebieta-Etxanok bere izaera du eta proiektu honekin pertsonalitatea, izaera eta batez ere etorkizuna duen herri bat denon artean eraikitzeko gai izateak sortzen digun harrotasuna bildu eta gizarteari erakutsi nahi diogu” adierazten du Andoni Agirrebeitiak, Amorebieta-Etxanoko Alkateak.