Hemen zaude: Hasiera Albisteak Zelaietako haur eta gazte zerbitzuak irailaren 28an irekiko dituzte ateak berriro

Zelaietako haur eta gazte zerbitzuak irailaren 28an irekiko dituzte ateak berriro

2020/09/25
Zelaieta zentroko Gaztetxoko eta Ludoteka zerbitzuak irailaren 28an irekiko dira berriro, segurtasuna lehenetsiz, besteak beste, espazioen edukiera murriztua, segurtasun-distantzia mantenduz eta maskarak nahitaez erabiliz, eskuak garbitzearekin batera.

Ludotekak 45 minutuko hiru txanda izango ditu, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. Lehen bi txandak 3 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo dira. Azken txandara 7 urtetik gorakoak bakarrik sartu ahal izango dira. Hiru txandetan funtzionamendua berdina izango da: 45 minutuko txandak eta sarrera eta irteera aldi berean parkeko atetik. Txanda bakoitzean gehienez 12 haurrek parte hartu ahal izango dute. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da adin guztietako erabiltzaileentzat.

 

Gaztetxokoa ohiko ordutegian zabalduko da: igandetik ostegunera 17:00etatik 20:00etara eta ostiral eta larunbatetan 17:00etatik 21:30era. Bertan nahitaez maskara erabiliko dute gaztetxoek eta ezarriko diren segurtasun distantzia eta neurriak errespetatu beharko dira. Gehieneko edukiera 20 pertsonakoa izango da uneoro espazioan.

 

Zerbitzuak erabiltzeko derrigorrezkoa izango da Ametx Txartela aurkeztea. Ume txartelaren inguruko informazio guztia: ametxgazteria.net  eta Gazte Informazio Bulegoan.

Gainontzeko programak eta ekintzak modu mailakatuan jarriko dira martxan. Lehenengoa Andres Espinosaren urteroko mendi martxa izango da, urriaren 4an, 10:00etan, Erdu Olgetan programaren barruan. Bestalde, 10 urtetik aurrerako gazteei zuzendutako Gauero gaueko aisialdi programa urriaren 17an hasiko da Gauerodiskoarekin.

 

Haurren eta gazteen programei dagozkien funtzionamendu, ordutegi eta COVID-19aren egoeraren ondorioz sor daitezkeen aldaketei buruzko informazio guztia ametxgazteria.eus webgune berrian eta sare sozialetan egongo da eskuragarri.