Hemen zaude: Hasiera Albisteak Zelaieta Zentroko erakusketa aretoak "Impr pant", Jugatx Astorkiaren erakusketa aurkeztuko du

Zelaieta Zentroko erakusketa aretoak "Impr pant", Jugatx Astorkiaren erakusketa aurkeztuko du

2021/04/30
• Erakusketa maiatzaren 3tik 22ra bisitatu ahal izango da. • Erakusketa osatzen duten piezek ikus-entzunezko iruditeriaren eraikuntza aztertzen dute ordenagailu pantaila, mugikor, kamera, eskaner eta antzeko gailuen hibridaziotik eratorritako erregistro grafikoak aurkeztuz. • Aipatu behar da, maiatzaren 6an, ostegunean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, artistak hitzaldi bat eskainiko duela erakusketaren nondik norakoak azaltzeko. Erakusketara sartzeko sarrera doakoa da baina aurretiaz izena eman beharko da Zelaieta Zentroan.

Maiatzaren 3tik 22ra Jugatx Astorkia artista berriztarraren "Impr pant" erakusketa ikusgai izango da Zelaieta Zentroko erakusketa aretoan, "irudiak bere euskarri fisikoarekin duen harremanari eta gailu analogiko eta digitalen argiaren materialtasunari buruzko ikerketa".

Erakusketa osatzen duten piezek ikus-entzunezko iruditeriaren eraikuntza aztertzen dute ordenagailu pantaila, mugikor, kamera, eskaner eta antzeko gailuen hibridaziotik eratorritako erregistro grafikoak aurkeztuz. Prozesu honetan uneoro kuestionatzen da irudiaren fisikotasuna, pantailaren barrualde eta kanpoaldearen artean joan-etorrian dabilena. Argiaren irudia gailu teknologikoetatik kanporatu eta irudiak propio dituen euskarrietan inprimatzen da.

“Material ugari dut metatuta: 35 mm-ko 4 analogiko, 120 mm-ko Lubitel bat, NOPO bat, Polaroid bat, digital bat eta 2 estenopeiko. Argazki-film berriak, iraungiak zein berrerabiliak, antzinako argazki piloa eta RA-4, C-41 eta B/W errebelatzeko kimikoak. Halaber, gordeta dauzkat PC eta telebistako pantaila desmuntatuak, LED argiak eta errele tenporizadore bat. Paper islatzaileak, zeharrargiak, holografikoak eta fotosentikorrak”, aitortzen du artista berriztarrak.

"Impr pant" erakusketa irudiaren materialtasunari buruzko ikerketa artistikotik abiatzen da eta argia fisikoki bilatzen eta bihurtzen duten ariketak planteatzen ditu. Material horiekin batera, argia grafikoki gauzatzen laguntzen duten prozesuak pilatzen ditu artistak. "Irudi gisa duen eraldaketa interesatzen zait egoera analogiko batetik digitalera eta alderantziz aldatzen denean; edo, bestela esanda, materialaren eta immaterialaren arteko atalase lausoa. Pantailaren barrualdearen eta kanpoaldearen artean gertatzen denak, liminaltasun horrek edo "artean" dagoenak, irudia bistaratzeko beste modu batzuk ahalbidetzen dituzten formatu anitzetara zabaltzen du ".

Aipatu behar da, maiatzaren 6an, ostegunean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera,  artistak hitzaldi bat eskainiko duela erakusketaren nondik norakoak azaltzeko. Erakusketara sartzeko sarrera doakoa da baina aurretiaz izena eman beharko da Zelaieta Zentroan.

 Jugatx Astorkia

Jugatx Astorkiak Arteko Gradua bukatu ondoren EHU-n, Pontevedran Arte Garaikideko Masterra burutu zuen. Bertan argiaren izaera eta pertzepzioa lantzeko aukera izan zuen, baita argazkilaritzako praktika esperimentalak ere.

Egun burutzen ari den tesian, ezeztatze prozesuak erabilita esfera analogiko-digitaletan dauden irudi-argi eraldaketak aztertzen ditu. Ikusten ez dena plastikoki eratzeko, argiaren hondar eta aztarnak erabili izan ditu bere prozesu artistiko osoan zehar.