Hemen zaude: Hasiera Albisteak Zelaieta Zentroak Thais Bufornen "Itsasoa urdina da" argazki erakusketa hartuko du

Zelaieta Zentroak Thais Bufornen "Itsasoa urdina da" argazki erakusketa hartuko du

2021/05/21
• Erakusketa maiatzaren 24tik ekainaren 12ra bisitatu ahal izango da. • Erakusketa osatzen duten 22 argazkiek (Euskal Herriko 9, Greziako 7 eta Kataluniako 6) bat egiten dute izendatzaile komun batekin: itsasoa. • Erakusketarekin batera, maiatzaren 24an, 19:00etatik aurrera, Zelaieta Zentroko auditorioan "Zer da zianotipia?" hitzaldia ospatuko da eta ekainaren 12an, berriz, zianotipiari buruzko familia tailer bat antolatuko da ludotekan.

Zelaieta Zentroko erakusketa gelan Thais Buforn argazkilariaren "Itsasoa urdina da" argazki erakusketa izango da ikusgai maiatzaren 24tik ekainaren 12ra bitartean. Erakusketa osatzen duten 22 argazkiek (9 Euskal Herrikoak, 7 Greziakoak eta 6 Kataluniakoak) bat egiten dute izendatzaile komun baten pean: itsasoa, egileak oso txikitatik liluratzen duena. 

Egileak Euskal Herriko eta Greziako Tinos uharteko itsas paisaiak erakutsiko ditu, baina baita egilearentzat gertuen dauden lekuak ere, Sitges edo Vilanova, esaterako. Argazki batzuek paisaia naturalak erakusten dituzte, gizakiaren presentziarik gabekoak; beste batzuek, berriz, itsasoarekin dugun harremanean sakontzen dute (lanekoa, aisialdikoa, sentimentala, espirituala). 

Kamera mota desberdinekin egindako argazkiak dira (analogikoa, digitala, baita mugikorrarekin ere), zianotipian positibatuta. Zianotipiaren tonu monokromoak izaera piktorikoa ematen die argazki guztiei, apur bat malenkoniatsua. Pieza bakoitzak kolore ezberdina du, pieza bakoitza bakarra delako, eguzkiaren argiarekin eskuz tratatua. Eguzkia da, beraz, azken emaitza nolakoa izango den erabakitzen duena. 

Thais Buforn 

1974an Bartzelonan jaiotako aktore eta itzultzaile hau Fugan (Bartzelonako Argazki Dokumentalen Zentroa zena) trebatzen da argazkilari bezala. Gaur egun, bidaien, paisaiaren eta erretratuaren argazkigintzan interesa du, baina, bereziki, argazkigintza analogikoan eta teknika tradizionaletan, hala nola zianotipian. 

Bere zianotipiak ikusgai izan dira La Sala (Vilanova i la Geltrú Arte Garaikideko Zentroa) eta Bartzelonan (Euskal Etxea eta Iguana aretoa), besteak beste. 2020ko urrian, "Itsasoa urdina da" serieko selekzio batek Arraun the Basque 's World lehiaketako "Paisaiak" kategoriako saria irabazi zuen, eta 2020ko irailean OFF Revela'T delakoan ere parte hartu zuen, Europako argazkigintza analogikoko jaialdirik garrantzitsuenetako batean, "Past is Past" serieko argazkiekin. 

Hitzaldia eta tailerra 

Erakusketarekin loturik, maiatzaren 24ean, 19:00etatik aurrera, “Zer da zianotipia?“ hitzaldia ospatuko da Zelaieta Zentroko auditorioan. Nahiz eta sarrera doakoa izan, izena ematea aurretiaz egitea gomendatzen da.  

Bestalde, ekainaren 12an, zianotipiari buruzko familia-tailerra antolatuko da. Tailerra ludotekan izango da 11:00etatik aurrera. Bertara joateko ezinbestekoa izango da Gazte Informazio Bulegoan izena ematea ekainaren 7a baino lehen.