Hemen zaude: Hasiera Albisteak Zelaieta zentroak Santiago Yanizen “Bizkaia Izadi sublimea” erakusketa hartuko du

Zelaieta zentroak Santiago Yanizen “Bizkaia Izadi sublimea” erakusketa hartuko du

2019/04/02
• Bost lekuei buruzko argazkiak bilduko ditu erakusketak: San Juan de Gaztelugatxeko ingurua; Otxarretako basoak, Gorbeiako natura parkean; Getxo eta Barrika udalerrien arteko kostaldea; Urkiola Parkea eta Belaustegiko ur jauziak (Gorbeiako natura parkean). • Erakusketa honekin batera, “Euskal Herria ahaztezina / Euskal Herria inolvidable” ikusgai egongo da eta ondoren, hitzaldi bat egongo da ostegunean, apirilaren 4an 19.00etan.

Amorebieta-Etxano, 2019ko apirilaren 2a. Amorebieta-Etxanoko Zelaieta zentroak Santiago Yanizen “Bizkaia Izadi sublimea” erakusketa hartuko du maiatzaren 3ra arte. Argazkilari bilbotar honen erakusketa honetan bere argazkilari lanaren zati bat erakusten du, hain zuzen ere bost lekuei buruzko argazkiak: San Juan de Gaztelugatxeko ingurua; Otxarretako basoak, Gorbeiako natura parkean; Getxo eta Barrika udalerrien arteko kostaldea; Urkiola Parkea eta Belaustegiko ur jauziak (Gorbeiako natura parkean).

Santiago Yaniz, bilbotarra, argazkilaria eta kazetaria 1980tik. Argazkilaritzarako grina izugarria izan du beti, eta Euskal Herriko paisaiak, mendiak eta natura jaso ditu erretratuetan, aldizkari eta liburu askotarako, ehunka egile-lan eta erreportaje ilustratuz. Ezin nekatuzko ibiltari eta bidaiari honek mendi eta paisaia naturalaren irudia izan du espezialitaterik gogokoenetako bat. Gainera, haren lan profesionalaren kokapen nagusia dela eta, Bizkaiko eta Euskal Herri osoko txoko eta bazter guztiak ezagutu ahal izan ditu, eta haiek miresteko argirik eta unerik egokienak ere bai.

Haren artxiboan, 500.000 iruditik gora daude bilduta, lur honetako paisaiei, naturari eta pertsonei lotuak. Argazkilaritzako estilo soilekoa, nahiago izaten du artefaktu teknikoak saihestu, eta, gehienbat, lurra ikertu, argiak kudeatu, eta meteorologiak eskaintzen dizkigun une iragankorrei ahalik eta etekinik handiena atera, giro iradokitzaileak lortzeko.

Erakusketa hau Bizkaiko Foru Aldundiaren erakusketa ibiltarien programaren parte da.

Erakusketa honekin batera, “Euskal Herria ahaztezina / Euskal Herria inolvidable” ikusgai egongo da eta ondoren, hitzaldi bat egongo da ostegunean, apirilaren 4an 19.00etan.