Hemen zaude: Hasiera Albisteak Zein da euskararen egoera Zornotzan? Parte hartu on-line inkestan!

Zein da euskararen egoera Zornotzan? Parte hartu on-line inkestan!

2018/05/07
Udalak parte-hartze prozesu bat abiatu du, euskararen egoera aztertu eta egindako lana ebaluatzeko. Inkesta maiatzaren 7tik 21era arte erantzun ahal izango da. Horrez gain, tailer irekia antolatuko da ekainaren 2an.

Zer egin daiteke Zornotzan euskararen erabilera bultzatzeko? Zer iruditzen zaizu Udalak arlo honetan egindako lana? Zer hobetuko zenuke?

Horrelako galderei erantzuteko aukera izango dute zornotzarrek, maiatzaren 7tik 21era arte, Udalak jarritako on-line inkestaren bidez (EGIZU KLIK HEMEN INKESTAN PARTE HARTZEKO).

Euskararen erabilera indartzeko asmoz, Amorebieta-Etxanoko Udalak Euskararen Plan Estrategiko berria landuko du 2019an. Plan horretan, hurrengo urteetako hizkuntza-politikaren ildoak ezarriko dira.

Plan berria abiatu baino lehen, Udalak orain arte euskararen arloan egindako lana ebaluatu, eta, gaur egun, herrian euskararen egoera zein den jakin nahi du. Horretarako, Udalak prozesua abiatuko du Elhuyar Aholkularitzagaz elkarlanean, azken urteetan egindakoa ebaluatzeko.

Azterketa hori egiteko, datu soziolinguistikoak aztertzeaz gain, herritarren parte-hartzea ere ezinbestekoa izango da. Zornotzarrek bide bi izango dituzte prozesuan parte hartzeko:

- On-line galdetegi bat. Iritziak, ideiak eta espektatibak jasoko dira. Epea: maiatzaren 7tik 21era arte.

- Herri-gogoetarako tailerra: euskararen erabileraren inguruko talde-hausnarketa egiteko saio bat egingo da, modu ludiko eta entretenituan. Tailerra ekainaren 2an, larunbata, izango da, Zelaietan, 10:00etatik 13:00etara. Saioa herritar guztiei irekia izango da. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.

Prozesuaren inguruko zalantzarik izanez gero, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin jar daiteke harremanetan: jnafarrate@Amorebieta.eus eta rugalde@ametx.eus helbideak, edo 94 630 00 02 (luz. 113) telefono zenbakian.