Hemen zaude: Hasiera Albisteak Zabalik da Arabako lautadaren altxorrak irteeretarako izena emateko epea, ‘Ibiliaz Ezagutu’ ekimenean

Zabalik da Arabako lautadaren altxorrak irteeretarako izena emateko epea, ‘Ibiliaz Ezagutu’ ekimenean

2022/09/22
Amorebieta-Etxanoko Udalak lau mendi ibilbide antolatu ditu urrirako eta azarorako.

Amorebieta-Etxanoko Udalak Ibiliaz Ezagutu: Arabako lautadaren altxorrak izeneko irteera interesgarriz osatutako programa antolatu du beste behin. Ekimen honi esker, Arabako lautada, kontrastez betetako lurraldea: mendiak eta zelaiak, basoak eta nekazaritzari eskainitako lur eremuak… Elgeako eta Entziako mendilerroen artean kokatua dagoena ezagutzeko aukera aparta izango da. Dulantzitik Asparrenera, Zalduondotik Agurainera; sakonago ezagutzea merezi duen ingurunea. Urrian eta azaroan eskainiko dira irteerak eta izena emateko epea zabalik da Zelaieta Zentroan. Beharrezkoa izango da Ametx txartela izatea horretarako.

 

Lau irteera: bi errazak, bat erdi mailako zailtasunarekin eta bat zaila

Lau mendi irteera eskainiko dira guztira. Lehena, urriaren 15ean izango da eta Asparrena ingurua ezagutuko dute partaideek, 7 kilometroko ibilbidea osatuz. Zailtasun aldetik erraza izango da eta txikia bezain polita den Egino herri txikian hasiko da irteera. Mendizaleak harizti eder eta garbietan zehar ibiliko dira, eskalatzaileek kutun dituzten hormak eta baita bertako leizeak ezagutuz. Urriaren 22an, aldiz, Muniain-Muniain irteera izango da, 11,5 kilometrokoa. Hau ere burutzeko erraza izango da eta Agurain inguruko bazter ederrak ikusteko beta eskainiko du, ehundaka urtetako haritzen artean. Zalduondo inguruetan murgiltzeko irteera, berriz, azaroaren 5ean eskainiko da. Ibilbide honek erdi mailako zailtasuna du eta 16 kilometrokoa da. Zalduondoko inguruak historiaz betetako lur eremuak dira. Historiak eta gaur egungo errealitateak bat egiten dute bertan. Bertan dabiltzan guztien laguntzari esker, gainera, garbi bezain garden dirauten parajeak ezagutuko dituzte parte-hartzaileek. Ibiliaz Ezagutu: Arabako lautadaren altxorrak programako azken irteera azaroaren 12an izango da eta zailtasun aldetik, ertain-zaila izango da. Bertan, 17 kilometrotan zehar, Zalduondo-Zegama arteko txokoak ezagutuko dituzte mendizaleek. Barnealdeko Done Jakue Bidea historiaz betetako ibilbidea da eta ehunka eta ehunka urtetan erromesek egindako ahaleginak eta izerdiak euren baitan nabarituko dituzte.

 

Egokiagoa edo ederragoa izate aldera, baliteke antolatzaileek etaparen baten ibilbidea aldatzea. Irteera ordua 8.00etan izango da txango guztietan, Nafarroa parkinetik. Prezioa 8 eurokoa da irteera bakoitzagatik.