Hemen zaude: Hasiera Albisteak Tanborrada 2018

Tanborrada 2018

2018/05/15
Izena emateko epea maiatzaren 31ra arte hemen

IZEN EMATEA HEMEN

ARAUTEGIA

Hirurogeita hamar urtetik gorako tradizioa daukan ospakizuna da Amorebietako tanborrada, eta azken 40 urteotan etenik gabe ospatu izan da. Gure ustez, ekimen herrikoia da tanborrada eta, horregatik, merezi du zaintzea denboran iraun dezan eta, urteak aurrera joan ahala, aberastuz joan dadin.

Urte hauetan guztietan, profil eta ezaugarri bereziak eta esklusiboak definituz joan da Amorebietako tanborrada, eta horiek ematen diete ospakizunari bere duen izaera berezkoa.

Izaera berezi, koloretsu, parte-hartzaile eta umoretsu horri eustea, eta jaia ahalik eta erarik antolatuenean iraunaraztea da arautegi honen helburua. Hain zuzen ere, ahalegin sendoa egitea Napoleonen tropek duela bi mende baino gehiago gure lurretan barrena gauzatu zuten desfilea ospatu, jai bilakarazi eta satira eran burutzen duen jai bitxi hau bizirik mantentzeko, antolaketarik ezak edota utzikeriak jota hil ez dadin.

 

IZEN-EMATEA

Tanborrada osatzen duten gorputzetako edozeinetan (tanbor-joleak eta tanbor-jole beteranoak, fusilariak, zaldunak, sukaldariak eta kantinerak) izena ematea NAHITAEZKOA izango da, iragartzen diren egun eta epeetan, bai eta librea eta irekia ere Amorebieta-Etxanoko 16 urtetik gorako hiritar guztientzat.

Izena emateko deialdia publikoa izango da eta Ametx erakunde autonomoak iragarri egingo du, ohiko dituen bideak erabilita horretarako. Hemendik aurrera zorrotz errespetatuko dira aurreko urteko zerrendak, eta gertatzen diren bakanteak beteko dira urte bakoitzean. Ametx erakunde autonomoaren ardura izango dira izen-ematea eta entseguetako asistentziaren kontrola.

Tanborradaren batzordeak erabakiko du, urtero-urtero, gorputz berriak sortzea edo lehendik daudenen kopurua areagotzea.

 

ENTSEGUAK ETA MUSIKA ZUZENDARITZA

Tanborradaren batzordeak onartuko ditu gorputz ezberdinen entseguen egutegiak, eta argitaratu egingo ditu. Derrigorrezkoa izango da entseguetara etortzea, eta entsegu bitan baino gehiagotan huts egiteak desfilean parte ez hartzea ekarriko du.

Tanborradako doinuak, musika-konponketak, musika banda eta entseguen musika zuzendaritza Tanborradaren zuzendariaren ardura izango da.

Tanborradaren batzordeak  aukeratuko du, ados jarrita, tanborradaren zuzendaria.

 

TANBORRADAREN BATZORDEA

Honakoak izango dira tanborradaren batzordekideak:

Tanborradaren zuzendaria; 2 fusilari (gorputzaren nagusia barne); 2 tanbor-jole beterano, 2 tanbor-jole gazte; 2 sukaldari; 2 kantinera; 2 antortxero; zaldun 1; Ametx erakunde autonomoaren teknikari 1.

Honakoak izango dira tanborradaren batzordearen eskumenak: Kideen kopurua handiagotu edo gutxiagotzea, tanborradaren ibilbidea, geldialdiak eta amaiera definitzea, uniformea bezalako oinarrizko gaietako aldaketak erabakitzea eta, orokorrean, giro baketsua bermatzea eta konponbidea ezartzea gorabeherak gertatzen direnean, eta tanborradaren zuzendariaren izendapenean parte hartzea.

 

ZUZENDARIA

Agintari nagusia izango da tanborrada prestatzeko entseguetan eta tanborrada gauzatu bitartean. Zuzendariaren eskumena izango dira diziplina neurri guztiak, ibilaldiaren aldaketak, tanborrada osatzen duten gorputzen kokalekua, errepertorioa… Tanborrada osatzen duten gorputzen arduradunei emango die horien guztien berri eta apelaezinak zaingo dira beraren erabakiak.

Tanborrada osatzen duten gorputzen koordinazioa zuzendariaren erantzukizuna izango da. Gorputzen nagusiak batuko ditu desfileari ekin aurretik eta, bere erabakien berri emateko, egoki deritzon guztietan.

 

UNIFORMEAK ETA MATERIALA

Tanborradarako erabiltzen diren uniformeak (kasakak, txanoak, amantalak, txalekoak…) jabetza publikokoak dira, eta halakoak dira tanborradan erabiltzen diren gainerako materialak ere (tanborrak, makilak, fusilak, kanoia, lapikoak…). Ametx erakunde autonomoaren ardurapekoa da beraien zainketa eta biltegiratzea, tanbor-jole beteranoen kasakak izan ezik (tanbor-joleenak eurenak dira).

Honakoak dira tanborrada osatzen duten gorputzen uniformeak:

Tanbor-joleak eta tanbor-jole beteranoak

  • Tanbor-joleen kasaka (alkandora zuria eta lazo beltza).
  • Beteranoen kasaka (ez daramate alkandorarik, kamisetarik edo lazorik bistan).
  • Praka zuri luzeak (jeans erakoak ez)
  • Itsasontzi tankerako txanoa, apaingarria ezkerretara.
  • Zapata beltzak (zapatillak ez).

 

Fusilariak

  • Kasaka bandaz (ez alkandorarik, ez kamisetarik, ez zintarik) eta zapi zuri pertsonala.
  • Praka zuri luzeak (jeans erakoak ez).
  • Txanoa.
  • Zapata beltzak (zapatillak ez).

 

Zaldunak

  • Kasaka bandaz.
  • Txanoa.
  • Alkandora zuria lazo beltzaz.
  • Praka zuriak.
  • Zaldi gainean ibiltzeko botak.
  • Eskularru zuriak.

 

Sukaldariak

  • Sukaldarien prakak eta kasaka.
  • Zapia.
  • Txanoa.
  • Zapata beltzak.

 

Antortxeroak

  • Kasaka urdina.
  • Praka urdinak.
  • Alkandora zuria.
  • Zapatak.
  • Txanoa.

 

Kantinerak

  • Alkandora.
  • Txalekoa.
  • Gona.
  • Abarketak.

 

Tanborradaren kideek bere horretan erabili beharko dute tanborradaren uniformea, agerian eranskin edo osagarri pertsonalik gehitu gabe (fusilariak izan ezik. Beraien zapi zuria daramate hauek). Uniformetasuna nabarmen urratu, materiala behar den moduan zaindu ez edo justifikaziorik gabe hondatzeak tanborradatik aldentzea ekarriko du, zuzendariak hala erabakiz gero.

Tanbor-joleek eta fusilariek debekatuta izango dute erretzea tanborrada gauzatu bitartean (ezarrita dauden atsedenaldietan izan ezik), eta ezingo dute txilibiturik, turutarik edo bestelako soinu-tresnarik erabili, aginduak betetzeko beharrezkoak direnak besterik ez, hain zuzen ere.

TANBORRADA AMAITZEN DENEAN, MATERIALA (tanborrak, makilak, fusilak…) ETA UNIFORMEAK (kasakak, txanoak) ITZULI BEHARKO DITUZTE KIDE GUZTIEK, HORRETARAKO ADIERAZTEN ZAIEN TOKIAN. BERAIENAK DIRENAK (beteranoen kasakak) EZ DIRA ITZULI BEHAR ETA KANTINEREN JANTZIAK 5 EGUNEKO EPEAN ITZULI BEHARKO DIRA, DENAK BATERA.