Hemen zaude: Hasiera Albisteak Nazioarteko 10 taldek osatzen dute Haizetara Kale Musikarien Nazioarteko Lehiaketaren 15. edizioaren kartela

Nazioarteko 10 taldek osatzen dute Haizetara Kale Musikarien Nazioarteko Lehiaketaren 15. edizioaren kartela

2022/04/08
Nazioarteko Haizetara Lehiaketaren hamabosgarren edizioa bueltan izango da Amorebieta-Etxanon, 2022ko ekainaren 24, 25 eta 26an. Lehiaketan 10 herrialde ezberdinetako 40 bandek eman dute izena.

Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatutako Kale Musikarien Nazioarteko lehiaketak, Haizetarak, badu kartela. Nazioarteko jatorri ezberdinetako hamar taldek hartuko dute parte lehiaketan ekainaren  24, 25 eta 26an, Amorebieta-Etxanon. Covid 19aren ondorioz azken bi edizioak bertan behera geratu ostean, 2022an 15. edizioa izango da jokoan.

 Aurten 10 nazionalitate ezberdinetako 40 bandek eman dute izena Udalak antolatutako lehiaketan; estatuari dagokionean, 7 erkidego ezberdinetakoak. Proposamen bakoitza aztertu ondoren, Haizetarako antolatzaileek 10 banda hautatu dituzte, izena eman duten taldeek bidali dituzten material grafiko, bisual, soinuzko eta curriculumaren arabera. Era berean, honako irizpide hauek ere hartu dira kontuan: proposamenen kalitate artistikoa, musika-estiloen aniztasuna eta jatorrien aniztasuna. Horrela, hautatutako 10 taldeetatik 3 Ameriketatik etorriko dira, zehazki, Mexikotik, Argentinatik eta Txiletik. Gainerakoak Europakoak izango dira, tartean, Serbiakoak, Belgikakoak eta Frantziakoak. Estatuari dagokionez, Kataluniako eta Murtziako taldeak etorriko dira. Eta aurten Euskal Herriko talde batek ere hartuko du parte, Baionakoak hain zuzen ere. Honako hauek dira, beraz, hautatutako hamar bandak eta hauen jatorriak:

  • BOJAN RISTIC BRASS BAND. Serbia.
  • BRASSASS. Mendoza, Argentina.
  • THE GOMBO REVOLUTION. Frantzia
  • STEAM BRASS BAND. Murtzia
  • KAMIKAZE BEAT BAND. Mexiko.
  • HIP HORNS BRASS COLLECTIVE. Bartzelona.
  • LA TROMBA. Concepción, Txile.
  • REMORK&KARKABA. Belgika
  • BOKALE BRASS BAND. Baiona.
  • LA MARMAILLE POST FANFARE. Frantzia

Musika estiloei dagokienez, 15. edizio honek eskaintza zabala izango du. Brass estiloa nagusi izango bada ere, New Orleans, Jazz, Balkan eta doinu etnikoek ere izango dute bere lekua. Hautatutako taldeek gutxienez lau emanaldi egin beharko dituzte lehiaketak irauten duen hiru egunetan: bat ostiralean, bi larunbatean eta bat igandean.

 Sara Estevezek diseinatutako kartela

Haizetara Kale Musikarien Nazioarteko Lehiaketaren 2022ko kartela Sara Estevezek (Txapó Creativos) diseinatu du, eta kaleko kultur jardueraren hasiera ikusaraztea du helburu, normaltasun egoera bat irudikatuz pandemia garaiaren ondoren. Gainera, Haizetara, zornotzarren eta Amorebieta-Etxano lehiaketa egunetan urtez urte bisitatzen duten kanpotar askoren bihotzean dagoen programa da. Horregatik, kartelean instrumentu ezberdinez osatutako bihotzaren taupadak musikarekin abiatzen dira, eta horren adierazle da bere zulo/instrumentu ezberdinetatik irteten den lurruna/kea, bere jarduera sutsuaren adierazle; musika izaten da nagusi jaialdian, guztien bihotzak betez.

 Amorebieta-Etxanoko herria skyline-an ikus dezakegu, herriko eraikin nagusiak bertan irudikatzen baitira; era berean, musikak eta musikariek beren instrumentuekin herria nola zeharkatzen dute antzeman daiteke. Hainbat tonalitatetako musika eta musikariak ageri dira bertan, Haizetara jaialdiaren jatorri eta musika estilo bereizgarrien aniztasunari erreferentzia egiten diotenak.

 Azkenik, helikoia programaren irudiaren erdian dago; irudi hori urtero errepikatzen da bere ideiaren oinarri gisa (metalak, aire-tresnak, musika kalean…).