Hemen zaude: Hasiera Albisteak Musikaren bitartez bidaiatzeko proposamena egin du Zornotzako Musika Bandak, ikasturte berrirako

Musikaren bitartez bidaiatzeko proposamena egin du Zornotzako Musika Bandak, ikasturte berrirako

2021/10/27
• 2021-2022 denboraldian, urritik uztailera bitartean, sei kontzertu eskainiko ditu. • Emanaldietan hainbat talde gonbidaturen konpainia izango du Musika Bandak; eta berak sortutako hainbat abesti ere, denboraldi honetan estreinatuko ditu.

Zornotzako Musika Bandak denboraldi berrirako prestatu duen egitarau zabala aurkeztu du gaur goizean prentsaurrean. `Bandarekin bidaian´ izenburupean, xehetasun guztiak eman dituzte Luciano Martinezek (Kultura eta Kirola zinegotzia) eta Aritz Labradorrek (Zornotzako Musika Bandako zuzendariak eta lehendakariak).

Luciano Martinezek  gaur aurkeztu diren kontzertuen garrantzia azpimarratu du agerraldian: «hilabete zailak izan dira guztiontzat, eta baita ere Musika Bandarentzat. Entseiatzeko arazoak izan dituzte Covid 19aren eraginez, eta kontzertuak berreskuratu zirenean, neurri zorrotzekin izan zen. Egoera gogor horien ostean, denboraldi berri honetako egitaraua ilusioz eta gogoz gainezka prestatu dute. Eskerrak eman nahi dizkiet egindako esfortzuagatik, eta esan, gogoz hartuko ditugula berriz ere antolatu dituzten emanaldiak, eta urtean zehar egiten dituzten kale bueltak».

 Denboran zein espazioan bidaiatzeko aukera, kontzertu bakoitzarekin
Urritik uztailera bitartean, sei kontzertu programatu ditu Zornotzako Musika Bandak. Aritz Labradorrek azaldu duen moduan, aurtengo egitarau proposamenarekin Zornotzako Musika Bandak bidaiatzeko aukera paregabea eskaini nahi die bertaratzen diren guztiei: «jaio eta pixkanaka-pixkanaka hazten joan eta gero, denboraldi honen helburua da Zornotzako Musika Banda martxan dagoela aldarrikatzea. Kontzertu bakoitzak bidaia ezberdina sentiaraziko die entzuleei, denboran zein espazioan. Bidaiarik laburrena, baina ere berea bereziena, azkenekoa izango da, 2022ko uztailekoa, besteak beste, herriko artista ezberdinak gonbidatu ditugulako emanaldira. Hala ere, gainerako kontzertuetan ere lehen mailako gonbidatuak izango ditugu».

Horrez gain, Bandak berak konposatutako obra berrien estreinaldia ere kontzertu hauetan izango dela azaldu du Bandako zuzendaria eta lehendakaria denak. Hala, herritarrak gonbidatu ditu tiketak eskuratu, eta musikarekin bidaiatzera: «Ba al daukazu hurrengo bidaiarako tiketa? Bandarekin bidaian… 3, 2, 1: Orain!».

 EGITARAUA

Haurtzarora bidaia (2021eko urriak 30) 20:00 Zornotza Aretoa
(Zornotzako Musika Banda)
Lehen bidaiak izan nahi du iraganeko oroitzapenetan ezkutatutako haurtzarora itzulia. Publiko guztientzako kontzertu bat izango da, haur txikienak hunkituko dituena eta ez hain txikiak ez direnak nostalgiko utziko dituena: betiko marrazki bizidunen sintonietatik hasi eta haurrentzat berariaz sortutako musika izango da entzungai. Zirkua ere ez da faltako!

 Bidaia hemen eta orain (2021eko abenduak 18) 20:00 Zornotza Aretoa
(Zornotzako Musika Banda)
Bigarren bidaia gaur egungo munduan barrena izango da: Egiptotik zehar Kleopatrari bisita, Everest tontorrean geldialdi bat, Greziara hurreratzea, Asia osoa airetik ikusi, etab. Bidaia etxean amaituko dugu, Bandarekin gabon giroa partekatuz. Munduari bira emateko prest? Zure zain gaude!

 Euskal Herritik bidaia (2022ko otsailak 19) 20:00 Zornotza Aretoa
(Zornotzako Musika Banda + Bilboko Udal Txistulari Banda)
Euskal Herriko musika txokoak bisitatuko ditugu bidaia honetan: Durangaldea eta Deba guneetan geldialdia, euskal doinuak entzuteko aukera, etab. Txistulariak bertako musika tradizionalaren sinbolo direnez, herriko Bandari laguntzen izango ditugu, bakarlari gisa, Bilboko Udal Txistulari Bandako kideak. Gainera, kontzertu honetarako espresuki sortutako bi obra estreinatuko ditugu.

 Bidaia barne-mundura (2022ko apirilak 9) 20:00 Zornotza Aretoa
(Zornotzako Musika Banda + Oreka Reed Quintet)
Hirugarren ibilbideak introspekzio bidaia eskainiko digu: barne hausnarketarako aukera. Aukera honetarako Musikenen bukatu berri duten Oreka Reed Quintet boskote gaztea izango dugu bakarlari gisa. Kasu honetan, sentimenduak eta emozioak uztartuko ditu Bandak. Gainera, Eduardo Moreno Euskal konpositore entzutetsuaren estreinaldizko obra bat ere joko du Bandak boskotearekin batera. Datorren guztia sentitzeko prest?

 Bidaia musikaren barrenean (2022ko ekainak 18) 20:00
(Zornotzako Musika Banda + Zubiaur Musika Eskolako ikasleak)
Bidaia honekin musikaren historian zehar entzutetsuak izan diren konpositoreen doinuak ezagutzeko aukera eskainiko du Bandak. Garai barrokoa, klasikoa, erromantikoa… XVIII.mendetik XX.mende bitarteko musikak ezagutzeko kontzertu didaktikoa izango da: Bach, Mozart, Beethoven… Saio honetan Zubiaur Musika Eskolako ikasleak izango ditugu laguntzaile. Gure doinuak nondik datozen ikasi nahi? Erdu!

 Zornotzatik Zornotzara (2022ko uztaila) 20:00
(Zornotzako Musika Banda)
Azken ibilbidea herrian bertan burutuko dugu: Zornotzatik Zornotzara. Bidaia honetan zehar herriko artista gonbidatu ezberdinak izango ditugu oholtza gainean: abeslariak, musikariak, dantzariak. 0 kilometroko kontzertua, zornotzarrok egina! Zornotzarron musika ezagutzeko prest? Zatoz!

Musika Bandaren egitaraua  - Kartela