Hemen zaude: Hasiera Albisteak Maketa lehiaketaren bosgarren deialdia martxan

Maketa lehiaketaren bosgarren deialdia martxan

2018/01/22
• Interesdunek otsailaren 28ra arte eman dezakete izena • Lehiaketa edozein musika estilo lantzen duen taldeei zuzenduta dago • Talderik onenak 1.500 euro jasoko ditu eta euskarazko abestirik onenak 500 euro • Aurkeztutako taldeen artean 9 hautatuko dira Zelaietako kontzertu gelan zuzeneko emanaldi bat eman dezaten

Amorebieta-Etxano, 2018ko urtarrilaren 22a.  Amorebieta-Etxanoko Gazteria Sailak Maketa Lehiaketaren 5. edizioa martxan jarri du.

Interesdunek otsailaren 28ra arte izena emateko aukera izango dute. Edozein musika estilo lantzen duten taldeei zuzenduta dago, diskorik ez badute inoiz argitaratu edota kontratu diskografikorik ez badute.  

Lehiaketan parte hartu ahal izateko, kideen erdiak, lehentasunez, 16-35 urte artekoak izan beharko dira eta ezin izango dira lehiaketan parte hartuko duten talde baten baino gehiagotan egon.

Talderik onenak 1.500 euro jasoko ditu eta euskarazko abestirik onenak 500 euro.

Epaimahaia musikako profesionalek eta antolakuntzako langile teknikoek osatuko dute. 9 maketa hautatuko dira ondoko irizpideak jarraituz: ahotsaren nortasuna, nola jotzen duten (erritmoa, afinazioa, koordinazioa) eta aberastasuna konponketetan (egiturak, sekuentzia harmonikoak eta estilora egokitutako akordeak). Horrez gain, zuzenean erakusten duten indarra kontuan hartuko da.  

Kontzerturako errepertorioa 40 minutukoa izango da. Gehienez bi bertsio jo ahal izango dira kontzertuan eta beste bat gehiago euskaraz bada. Gainontzeko lanak originalak izan behar dira, taldearenak.

Martxoaren 8an hautatutako taldeak zeintzuk izan diren jakinaraziko da eta talde hauek Zelaietako kontzertu-gelan zuzeneko emanaldi bat emango dute. Bestalde, irabazleek azken kontzertu bat eskainiko dute maiatzean. Han maketa lehiaketaren sariak banatuko dira.  

Parte hartu nahi duten taldeek ametxgazteria.net web gunetik izena emateko orria jaitsi beharko dute eta taldearen 3 abesti konprimatuta dituen artxibo bat bidali.