Hemen zaude: Hasiera Albisteak Kine Rally, film laburren lehiaketa, bueltan da Amorebieta-Etxanon

Kine Rally, film laburren lehiaketa, bueltan da Amorebieta-Etxanon

2022/10/19
Lehiaketan parte hartuko duten taldeek 48 ordu izango dituzte film laburra grabatzeko. Izena emateko epea urriaren 24tik azaroaren 29ra egongo da zabalik.

Kine Rally film laburren lehiaketa bueltan da Amorebieta-Etxanon, Covid 19ak eragindako pandemiaren ondorioz bi urteko etenaldiaren ondoren. Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatzen duen lehiaketaren seigarren edizioa izango da aurtengoa, abenduaren 1etik 4ra.

Edizio berri honen helburua da parte-hartzaileek gehienez 48 orduko epean film labur bat grabatzea. Gutxienez bi pertsonako eta gehienez sei pertsonako taldeek eman dezakete izena. Parte hartu nahi duten adingabeek bi baimen izan beharko dituzte: amak, aitak edo legezko tutoreak emandako parte hartzeko baimena; eta amak, aitak edo legezko tutoreak sinatutako irudi-eskubideen baimena. Udalak gogorarazi du Kine Rally film laburren lehiaketa inklusiboa dela, eta, beraz, ez dela inolako mugarik egongo adinari, nazionalitateari, sexuari, bizilekuari eta bestelakoei dagokienez.

 Ekitaldi irekia

Parte hartzaileek abenduaren 3an, larunbata, entregatu beharko dute beren film laburra, 19:00etatik 20:00etara. Lanak epaimahai batek ebaluatuko ditu eta abenduaren 4an, igandean, 12:00etan, izango da sari-banaketa Zornotza Aretoan. Film labur onenak 500 euroko saria jasoko du eta bigarrenak 250 eurokoa. Ekitaldi irekia izango da, eta lehiaketara aurkeztutako lan guztiak ikusi ahal izango dira.

 Epaimahaikideek balorazio irizpide hauek aintzat hartuko dituzte:

  • Euskaraz egindako film laburrak bereziki baloratuko dira.
  • Amorebieta-Etxano herriaren ikusgaitasuna.
  • Bereziki baloratuko dira, halaber, berdintasunarekin, LGTBIQ+ kolektiboarekin, kultura-aniztasunarekin eta solidaritatearekin erlazionatutako gaiak.
  • Lehiaketatik kanpo geldituko dira eduki eta jokabide desegokiak edo emakumearen aurkako indarkeria adierazten duten lanak.

Izena emateko epea

Lehiaketan izena eman nahi duten taldeek datorren urriaren 24tik aurrera egin ahal izango dute, inprimaki hau betez; azaroaren 29ra arte egongo da zabalik.