Hemen zaude: Hasiera Albisteak Japongo kulturan, aisialdian eta tradizioetan murgilduko da Amorebieta-Etxano Mangamore jaialdiaren eskutik

Japongo kulturan, aisialdian eta tradizioetan murgilduko da Amorebieta-Etxano Mangamore jaialdiaren eskutik

2012/10/10
• Urriaren 12tik 14ra bitartean ospatuko da Manganime Jaialdia udalerriko Zelaieta zentroan. • Hainbat eta oso bariatuak izango dira asteburu horretako jarduerak: tailerrak, musika eta dantza emanaldiak, lehiaketak, hitzaldiak, Cosplay erakustaldiak, etab. • Akita eta Shiba Inu txakur arraza japoniarren Euskadiko lehenengo lehiaketa izango da urriaren 14an. • Mangamoreren proposamenetako beste bat Taiko erakustaldia da, eta Seiwa Taiko taldearen eskutik etorriko da. • Yukata (kotoizko udako kimonoak) egiteko tailerra izango da, bai eta kimonoa nola jantzi erakutsiko duen hitzaldia ere. • Erdi Aroko Japongo pertsonaia handiak origami irudien bidez birsortutik ikusi ahalko dituzte erakusketa batean, Jaialdira bertaratzen direnek.

Urriaren 12tik 14ra bitartean, Japongo kulturan, aisialdian eta tradizioetan  murgilduko da Amorebieta-Etxano, Mangamore jaialdiaren VI. edizioa iritsiko baita udalerrira. Inguruotako gertaera original, ludiko eta dibertigarrienetakoa da dagoeneko hitzordu bilakatu den jaialdia, eta milaka lagun erakartzen ditu urtero, areagotuz baitoa Manga eta Animea, eta herrialde nipondarraren kultura hurragotik ezagutzeko gogoa.

Hainbat eta bariatuak izango dira asteburu horretako jarduerak: tailerrak, musika eta dantza emanaldiak, lehiaketak, hitzaldiak, Cosplay erakustaldiak, etab. Eta horiek guztiak girotzeko, jaialdiaren maskota den Ureshiren presentzia eta ‘Okaerinasai’ abestia, Jokin Lacalle musikari zornotzarrak Mangamore jaialdirako beren beregi konposatua.

Jaialdi finkatua

Mangamore Jaialdia 2007an sortu zen, Ametxek (Amorebieta-Etxanoko Udalaren Kultura zerbitzuetarako erakundea) antolatuta, azpi-kultura honetan, biltzen dituen diziplinetan, eta beste diziplina osagarri batzuetan gero eta interes handiagoa duten gazteen beharrizanei arreta emateko. Etengabe haziz joan dira harrezkero jaialdiaren ospea, kalitatea eta eragina, sektorearen erreferente bilakaturik. Lehenengo edizioan 6.000 bisita izan zituen Mangamore jaialdiak eta joan den urtekoan, berriz, 8.000 partaidetik gora izan zuen. Zenbakiek ere erakusten digute jardunaldiok daukaten harrera ona dela.

Mangamoreren web orriak, bestalde,  60.000 bisitatik gora izan ditu sortu zenetik eta jaialdiak, berriz, 3.500 jarraitzaile ditu sare sozialetan. Aurtengo edizioan baieztatuta dago Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako, Valentziako, Asturiaseko eta Andaluziako zaletuen presentzia.

Arraza japoniarren txakur lehiaketa

Akita eta Shiba Inu txakur arraza japoniarren Euskadiko lehenengo lehiaketa izango da urriaren 14an. Akita eta Shiba Inu arrazen lehenengo erakusketa monografikoa ekarriko digu ekimen original honek, eta  epaimahaikide bikaina izango du: Yuiichi Tomimoto, bi arraza hauetan aditua den Japan Kennel Clubaren epailea. Berak balioetsi eta neurtuko ditu parte hartzen duten txakurren ezaugarriak. Hainbat erakustaldi espezializatutan aritu da epaile Tomimoto Japonen bertan, Estatu Batuetan, Taiwanen, Finlandian eta Mexikon, besteak beste.

Antolatzaileek egindako kalkuluak betez gero, 30 eta 50 ale bitartean izango dira bertan kumeak, lanerako aleak, bikoteak eta beteranoak kontuan hartuta.

Taiko erakustaldia

Mangamoreren proposamenetako beste bat Taiko erakustaldia da, eta Seiwa Taiko taldearen eskutik etorriko da. 1,3 m-ko diametroa daukan danborra da Taikoa (danbor handia japonieraz), eta egurrezko bachi izeneko zotzez jotzen da. Tradizioa da Japonen Taikoa erabiltzea gertaera  handietan, eta bertaratutakoen interesa batzen duen gune bilakatzen da sarri askotan.

Seiwa Taiko taldea 6 lagunek osatuta dago. Beraietako lau estatu espainiarrean bizitzen jarrita dauden japoniarrak dira. Ohiko kolaboratzaile izaten da formazio hau shakuhachi (banbuzko txirula japoniarra) txirula-jole ospetsua den  Antonio Olíasekin.

Larunbatean, urriak13, izango da erakustaldia, jaialdiaren eszenatoki nagusian, eta tresna hau nola erabiltzen den irakasteko tailerra izango du osagarri. Tailerra igandean izango da, hilak 14, eguerdiko 13:30etik aurrera.

Kimonoa nola jantzi

Japongo kultura ikur garrantzizkoa da kimonoa. Hori aintzat hartuta, lekua egingo zaio atzera ere jaialdian. Oraingo honetan Yukata (kotoizko udako kimonoa) egiten ikasteko tailerra eta kimonoa nola janzten den erakutsiko duen hitzaldia izango dira.

Japongo patroigintza tradizionaleko piezak egiten espezializatua den jostunak emango du tailerra. Ikastaroak 6 orduko iraupena izango du (3 ordu ostiral arratsaldean eta beste 3 ordu larunbat goizean) eta euren Yukata egin ahalko dute parte hartzen dutenek, zerotik hasita.

Cosplay onenak

Cosplay (manga edota animeko pertsonaia benetakoen moduan edota horrelako pertsonaietan oinarri hartuta mozorrotzea) erakustaldia eta lehiaketa izango dira Jaialdiaren aurtengo edizioan ostiralean, urriak 12, iluntzeko 20:00etan.

Estatu mailako cosplayerrik garrantzitsuenek hartuko dute parte erakustaldian.

Origamien erakusketa

Hainbat formatako irudiak lortzeko, papera tolestean datza japoniar jatorridun origami artea. Ez da ez artazirik ez lekedarik edota graparik erabiltzen; papera eta eskuak, besterik ez.

Euren origamiak egin ahalko dituzte Mangamorera datozen bisitariek, umeentzako eta nagusientzako tailerrak izango baitira.

Beste alde batetik, Erdi Aroko Japongo pertsonaia handiak origami irudien bidez birsortutik izango dira ikusgai jaialdiko erakusketa batean.

Origlamek egindako piezak dira. Espainian teknika japoniarra erabiliz lan egiten duen origami maistra bakarra da. Tradizioari dion begirunea eta Samurai, Heian eta Mingei tradizioetako tolesdura eta korapilo historikoak berreskuratu izana dira beraren lanaren ezaugarriak, eta teknika eta ikustasun japoniarraren jakite-maila bikainarekin konbinatzen ditu Japongo protokoloaren, arte aplikatuen eta oihal-arteen historiaren, ekialdeko izpiritualtasunaren, etnografiaren eta antropologiaren ezagutzak.

Papiroflexiaren mundutik haratago doaz artista honen lanak, hain dira finak estetikari dagokionez eta hain da handia darabiltzan materialen kalitatea, eta kolaboratzaile jarduten du sarritan modaren., dekorazioaren eta publizitatearen alorretako sortzaileekin eta medioekin.

Gastronomia japoniarra

Gastronomia japoniarrak ere izango du bere tartea Mangamore jaialdian, bertaratzen direnen esku jarriko diren bi ekimenen bidez:

Larunbatean, hilak 13, goizeko 11:30ean, ikastaro elkarreragilea emango du Naoki Adachi sukaldaritza-maisu japoniarrak, sushiren historia, hastapenak eta gaur eguneko emaitzetara bitarteko eboluzioa aurkeztuz. Modu erraz eta zeharo dibertigarrian ikasi ahalko dute parte-hartzaileek oinarrizko sushi-motak eta erabili ohi diren materialak zein diren. Ondoren, sushi pieza xumeak egin ahalko dituzte, maki sushi eta ura maki hain zuzen ere.

Gastronomia japoniarrera hurbiltzeko urratsa izan nahi du ikastaro honek, eta jatekoen alorrean emaitza ezin hobeak lortzeko teknikak zein diren ezagutaraziko zaie bertaratzen direnei Horrela, sushia egiten ikasi, eta dastatu ere egin ahalko dute, miso zopa gozoarekin gainera.

Igandean, hilak 14, Masanori Nishi sukaldari japoniar ospetsuak okonomiyakia edo, azkenean daukan itxuragatik, pizza japoniarra izenaz ezagunagoa den platera maneatuko du zuzenean, jendaurrean.

Hainbat dira plater horren barietateak, baina ezagunenetako bat Hiroshima eskualdean egiten dena da. Oso berezia da, bai edukiari erreparatuta, eta bai elaborazioa aintzat hartuta ere, bestelakoak baino askozaz konplikatuagoa eta ikusgarriagoa. Erakustaldia egingo du sukaldariak eta horren ostean, prestatutakoa dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Lurrikararen eta tsunamiaren ondorengo berreraikuntza Japonen

Japongo ekialdea suntsitu zuten lurrikara eta tsunamia gertatu ondorengo urtea betetakoan, berreraikuntza zertan den erakusten duten 42 argazki bildu dituzte Zelaieta zentroan urriaren 1etik 15era bitartean ikusgai izango den erakusketa batera, Japonek Espainian daukan enbaxadak antolatuta.

2011ko martxoaren 11n gertatu ziren Japongo kostaldea suntsitu zuten lurrikara eta ondorengo tsunamia. Hildakoak 15.000tik gora izan ziren eta 3.000, berriz, desagertutakoak. Berreraikuntza lanetan murgilduta daude gaur egun lurralde haietan.

Ureshiland

Txikienentzat, umeentzako Ureshiland izeneko gunean, paperezko loreak, postalak, etab. egiteko tailerrak antolatu dira.

Umeentzako txokoa indartu egin da aurtengo edizioan eta, horrela, manga pertsonaien puzgarriak izango dira, dantza-jolasak eta iaz arrakastatsuen gertatu ziren jarduerak: Ureshirekin argazkia egiteko photocall-a edota karaokea.

Kirol tailerrak

Kirolentzako tartea ere izango da Jaialdian. Hilaren 13an, larunbatarekin, eguerdiko 12:00etatik aurrera, Aikido erakustaldia izango da eta ikusleak borroka arte honetara hurbilarazteko klase praktikoa.
Egun berean, arratsaldez, karate erakustaldia izango da.

Soft Combat saioa ere programatu da, Zornotzako Forjadores elkartearekiko elkarlanean. Hainbat garaitako arma zurien tankerara eginda dauden arma bigunak erabilita, elkarren aurka jarduten dute borrokalari bik edo gehiagok kirol diziplina honetan.

Informazio gehiago nahi izanez gero, edota programa osoa ikusteko, jardunaldien web orria bisita daiteke: www.mangamore.net