Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ibiliaz ezagutu. Ibilaldi gidatuetan mendian zehar euskaraz ibiltzeko aukera paregabea

Ibiliaz ezagutu. Ibilaldi gidatuetan mendian zehar euskaraz ibiltzeko aukera paregabea

2019/10/01
• Uribe eskualdeko kostaldea eta barrualde ezagutzeko parada izango dugu oraingo honetan, 11-16 kilometro inguruko ibilaldiak eginez. • Ibilaldiak urriaren 19an eta 26an, eta azaroaren 9an eta 16an izango dira, goizeko 8:00etan hasita. • Autobus zerbitzua izango da etapak hasten eta amaitzen diren lekuetarako, eta Nafarroako parkina izango da batzeko tokia. • Zelaieta zentroan eman beharko da izena, irteerak baino bi egun arinago beranduen jota. Leku kopurua mugatua da.

Hamabi eta hamasei kilometro bitarteko lau ibilaldik osaturiko ekimena antolatu du Amorebieta-Etxanoko Udalaren mendekoa den Ametx erakunde autonomoak, Ibiliaz Ezagutu programaren barruan. Oraingoan Uribe eskualdeko kosta eta barrualdea bisitatuko ditugu: haran zabalak, lauak eta leunak, itsaslabar zorabiagarrietan amaitzen direnak. Hondartzak, portuak eta bidexkak, baita Erdi Aroko gaztelua eta txakolineko mahastiak ere.

Paisaia berezia duen eskualdea da, kokapen estrategikoan dagoena, Bilbotik oso gertu, eta hogeita hiru udalerriz osatua.

Uribe eskualde ezin hobea da mendi ibilbideak egiteko, izan ere, haran zabal eta berdeak, mendi leunak eta ikuspegi hunkigarriak dituen kostaldeko ibilbidea baititu.

Ibilbide guztiak izango dira 11 - 16 kilometro bitartekoak.

Ibilaldiak urriaren 19an eta 26an, eta azaroaren 9an eta 16an izango dira, goizeko 8:00etan hasita. Etapa guztiei emango zaie hasiera Nafarroako parkinean eta autobus zerbitzua izango da bertatik ibilaldien hasiera puntura iristeko eta behin amaituta ere, Amorebietara itzultzeko. Honakoak izango dira, zehazturik, lau larunbat horietan egingo diren ibilaldiak:

Urriaren 19an, Gorozika-Larrabetzu (14 km): Zornotzaren inguruetatik hasita, Uriberanzko bidea hartuko dugu. Eskualdearen bizkarrezurra den Butroi ibaiaren sorburutik abiatu eta ate joka arituko gatzaizkie bertako paraje ederrei.

Urriaren 26an, Mungia-Plentzia (16 km): Mungialdearen hiriburua den Mungia hartuko dugu oraingoan abiapuntu, kostalderantz egiteko asmotan. Butroi ibaiaren ur goxoaren ildoari jarraituz, Kantauri itsasoaren ur gazietaraino iritsiko gara.

Azaroaren 9an, Getxo-Plentzia (16 km): Eskumaldeko herri eder eta jendetsu honetatik abiatuta, Kantauri itsasoak mihizkatzen dituen itsaslabarrak eta hondartzak  zeharkatuko ditugu, Plentziako portuaren lasaitasuna helmuga.

Azaroaren 16an, Gorliz – Armintza (11 km): Turismoak edertasuna lapurtu ez dion hondartzan hasita, Gerra Zibileko aztarna artetik igaroko gara, ibilaldion helmuga izango den Armintzako portu txukun  eta baketsura iristeko.

Zelaieta zentroan eman beharko da izena, irteerak baino bi egun arinago beranduen jota. Leku kopurua mugatua da. Izena eman nahi duenak, Ametx txartela eduki behar du. Zelaietan bertan eska daiteke.

Jarduera fisikoaren onura, orohar, berekin dakarren arriskua baino handiagoa da. Nolanahi ere, ariketa fisikoa egiten duen orok jakin beharra dauka jarduera horiek eguneroko bizimoduan arriskurik gabe txertatzen, eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartzen.