Hemen zaude: Hasiera Albisteak Gabonak heldu dira Amorebieta-Etxanora ekintza programa zabal batekin

Gabonak heldu dira Amorebieta-Etxanora ekintza programa zabal batekin

2018/12/13
• Gabonetako kontzertua, Olentzeroren bisita edota Errege Magoen Kabalgata Gabon hauetako programaren barruan daude. • Abenduaren 26tik 30era Zelaieta Zentroan “Gabonetan Jai” umeentzako programa antolatu da. • Abenduaren 31n zornotzarrek urteari agur esateko aukera izango dute San Silvestre lasterketarekin.

Amorebieta-Etxano, 2018ko abenduaren 12a. Amorebieta-Etxanok Gabon itxura hartu du. Gabonetako argiak gaur arratsaldean piztu dira eta horrekin hasiera eman zaio ume eta nagusientzat urtarrilaren 11ra arte prestatu den kultur eta aisialdi programazioari.

Musika, antzerkia eta kirola
Larunbat honetan, abenduaren 15ean, 16:00etan, Larreako elizan Gabon kanten errezitaldi bat egongo da. Abenduaren 16an, 20:00etan, Zelaieta Zentroan “Not in my town” film laburren sari banaketa egongo da. 11 urtetik gorako gaztetxoei zuzenduta dago eta helburua gaztetatik diskriminazioari aurre egitea da. Lehiaketan lau sari banatuko dira. Bi epaimahaiak emango ditu eta bi publikoak eta egunean bertan emango dira.
Urtero bezala, Zubiaur Musika Eskolak Gabonetako kontzertua eskainiko du. Abenduaren 21ean izango da 20:15ean Zornotza Aretoan. Aurten ere, Zubiaur Musika Eskolako irakasle eta ikasleek ordubetez musika korala eta instrumentalaz gozatzeko gonbita egingo digute giro atsegin, alai eta parte-hartzaile batean. Aurreko edizioetan bezala, estilo ezberdinetako obra eta abestiak entzun ahal izango dira, talde ezberdinen eskutik. Horrek, bakoitzari bere ukitua emango dio.

Abenduaren 23an Amorebieta-Etxanoko kaleetan Gabon-kantak entzun ahal izango dira herriko koru eta txistularien eskutik. 12:30ean hasiko dira kalerik kale eta 13:45ean Kalbario plazan amaituko dute, koru guztiek batera “Mesias Sarritan” abestuko dutelarik.

Abenduaren 26an, Zornotza Aretoan, Zinegabonak programaren barruan, stop motion tailer bat egingo da 12:00etatik 14:00etara.
Abenduaren 28an Zornotza Aretoa bere 25. urteurrena ospatzen hasiko da “Los últimos visitantes” izeneko talk show batekin, arratsaldeko zortziak eta laurdenetan (20:15). “Antitertulia” bat da, gogoeta egiteko eta dibertitzeko zuzeneko musikarekin eta Zornotza Aretoan bere arrastoa utzi duten sei pertsonaiarekin. Aretoaren hogeita bosgarren urteurreneko ospakizunek urtarrilaren 7an eta 11n jarraituko dute, Markeliñeren “Julietas Romeo circo” antzeztuko delarik. Euskal zirku garaikideko ikuskizuna, dibertigarria, tragediaren emozioari uko egiten ez diona.

Zornotza Aretoan “Albert” pelikula ikusi ahal izango da abenduaren 29an 12:00etan. Egun bat beranduago Zubiondo plazan AIDAEren klasikoen rallya egongo da.

Urtarrilaren 2an Gontzal Mendibil eta Easo Txiki Abesbatza, Txan magoaren laguntzarekin, Zornotza Aretoko taula gainera igongo dira 20:00etan hasiko den musika-gau magiko bat bizitzeko.

Gabonetan Jai
Abenduaren 26tik 30era goizez zein arratsaldez Zelaieta Zentroko pilotalekuan “Gabonetan Jai” umeentzako programa antolatu da. Tailerrak, puzgarriak, musika, emanaldiak…, denetik egongo da umeek Gabonetako oporrak gozatu ditzaten.
Sarrerak 3 euro balioko du eguneko eta 10 euro bost egunetarako bonu bat eskuratuz gero.

Gauero Gabonetan
Abenduaren 26tik 30era 10 urte baino gehiago dituzten zornotzar gazteek beraientzat prestatutako hainbat jardueratan parte hartu ahal izango dute. Esate baterako, mahai-jolasak, bideo-jokoak, errealitate birtuala, futbolina edota bestelakoak. Guzti hori 17:00etatik 21:30era egongo da Zelaieta Zentroan.

Gabonak Olgetan
Etxeko txikienek jolas gune bat izango dute 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Jarduera ludikoak egongo dira 0-3 urte arteko umeentzat.

Olentzero
Abenduaren 24 guztietan bezala, Olentzero menditik jaitsiko da zornotzar guztiei agur egitera, gau osoko lanari ekin aurretik. 18:00etan neska-mutikoak Herriko plazara joan daitezke Olentzerori Gabonetarako zer eskatu duten esateko. Era berean, Olentzeroren etorrerari aurrea hartzeko, hala nahi duten zornotzarrek Belatxikietako igoera tradizionalera joateko aukera izango dute, 9:30etik aurrera.

Gabon zaharrak
Zornotzarrek urteari agur esateko aukera izango dute San Silvestre lasterketarekin. Hau abenduaren 31n izango da eta 16:30ean Zelaietatik hasiko da.

Erregeen kabalgata
Urtero bezala, urtarrilaren 5ean, Amorebieta-Etxanoko neskato-mutikoek Ekialdeko Errege Magoei ongi-etorria emango diete ohiko kabalgatarekin. Argi eta kolorez beteriko ikuskizuna izango da eta herritar guztiei parte hartzeko gonbita egiten zaie. Ibilbidea Gudari kalean hasiko da 18:00etan eta Herriko plazan amaituko da. Han nahi duten umeek Errege Magoekin egoteko aukera izango dute.