Hemen zaude: Hasiera Albisteak Gabonak Covid egoerara egokitutako ekitaldiekin datoz, Amorebieta-Etxanora!

Gabonak Covid egoerara egokitutako ekitaldiekin datoz, Amorebieta-Etxanora!

2021/12/20
Gabonetako argiak abenduaren 3an piztuta, Amorebieta-Etxanoko herria prest da jai egunetan murgiltzeko. Udalak eta herriko eragile eta elkarte ezberdinek urteroko legez, ekitaldiz betetako egitaraua antolatu dute, beti ere, egungo osasun egoerara egokituta: kontzertuak, antzerkia, ikuskizunak, txikienentzako parkea, gaztetxoentzako Gauero… Hasiera batean aurreikusitako ekitaldi guztiek aurrera jarraitzen duten arren, hainbat moldaketa izan dira osasun neurriak mantendu eta bete ahal izateko.

Magiaz betetako bi egun
Gabon jaietan izaten diren bisiten artean, badira bi bereziak: Olentzero eta Mari Domingirena eta Errege Magoena. Hutsik egin gabe, Amorebieta-Etxanon izango dira aurten ere. Udaberri Dantza Taldeak antolatuta, frontoian izango dira Olentzero eta Mari Domingi Gabon gau egunean, goiz eta arratsalde: 10:30-13:30 eta 16:00-20:00. Bertaratu nahi dutenek sarrerak eskuratu beharko dituzte aldez aurretik. Eskuragarri izango dira abenduaren 20tik aurrera, goizeko 09:00etan hasita: online zornotzaaretoa.eus webgunean eta aurrez aurre, Zelaieta Zentroan. Sarrera eskuratzeko momentuan, Olentzero edo Maridomingirekin egon nahi den zehaztu beharko da. Sarrera bakoitzak 5 pertsonentzat balio izango du; guztiak elkarrekin sartu beharko dira. Tarte horretan frontoian izango dira, baita ere, Triki Piu Pand taldeko kideak, musika zuzenean eskainiz.

Errege bezperan berriz, Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek bisitatuko dute Amorebieta-Etxano; pilotalekuan egongo dira, goiz eta arratsalde, 10:30-13:30 eta 17:30-20:30 ordutegian (ez da pajerik izango laguntzen, beraz izen ematea bertan behera geratu da). Hiru errege magoak gertutik ikusi nahi dituztenek aldez aurretik eskuratu beharko dituzte sarrerak: abenduaren 27tik aurrera egongo dira eskuragarri, goizeko 09:00etan hasita. Online eskuratu ahal izango dira zornotzaaretoa.eus webgunean eta aurrez aurre Zelaieta Zentroan. Kasu honetan ere, sarrera bakoitzak bost pertsonentzat balio izango du, eta guztiak elkarrekin sartu beharko dira. Sarrera eskuratzeko momentuan zein erregerekin egon nahi den aukeratu beharko da: Meltxor, Gaspar edo Baltasar. Eta nola ez, bertan izango dira Triki Piu Pandeko kideak. Errege magoek nagusien erresidentziak ere bisitatuko dituzte urtarrilaren 5ean: Orue, Azkuna eta Nafarroa zentroetan izango dira.

Musika Banda, Esne Beltza, Gontzal Mendibil eta gehiago
Gabonen ezaugarrietako bat musika emanaldiak izan ohi dira. Orain arte, Zubiaur Musika Eskolaren eta Gauero Kantariren emanaldiaz gozatzeko aukera izan dute zornotzarrek; eta baita Gontzal Mendibilen poema musikatuez ere. Hurrengo hitzordua urtarrilaren 4an dute, Amak+Esne Beltzaren emanaldiarekin. Azkenik, Zornotzako Musika Bandaren kontzertua urtarrilaren 8an izango da (data aldaketa egon da): `Bidaia hemen eta orain´. Bandak denboraldi honetan emango duen bigarren kontzertua izango da, eta  proposamena da: Egiptotik zehar Kleopatrari bisita egitea, Everest tontorrean geldialdi bat, Greziara hurreratzea, Asia osoa airetik ikustea… Eta bidaia etxean amaitzea, Bandarekin gabon kantak partekatuz.

Antzerkiak, ipuin kontaketak, parkea, txu-txu trena… ume, gazte zein familiek gozatzeko
Etxeko txikienek opor egunak izaten dituztela aprobetxatuz, hauei zuzendutako emanaldirik ere ez da faltako aste hauetan. Familia giroan gozatzeko lau antzezlan izango dira, horietatik hiru datozen egunetan: `Organik´ abenduaren 28an, `Hankaz gora´ abenduaren 30ean eta `Ganbara´ urtarrilaren 2 eta 3an. Eta Top magoaren eta Potxin eta Patxin pailazoen ikuskizunak ere izango dira!

Umeentzako Gabonetako parkea ere jarriko du Udalak abenduaren 27tik 30era bitartean. Bi gune izango dira: A gunea, 2017-2015 urte bitarteetan jaiotakoentzat (4-6 urte) eta B gunea 2014 baino lehen jaiotakoentzat (+6 urte). Gune bakoitzerako sarrera atera beharko da aldez aurretik, hiru txanden artean aukeratuz: 1. txanda 11:30-13:00, 2. txanda 17:00-18:30 eta 3. txanda 19:00-20:30. Udalak jakinarazi du, txanda bakoitzaren artean desinfekzioa egingo dela. Sarreren prezioa euro batekoa izango da, txanda bakoitzerako. Sarrera umeek bakarrik ordaindu beharko dute eta gehienez nagusi batek lagundu ahal izango du umea. Sarrerak abenduaren 21etik aurrera izango dira eskuragarri Gazte Informazio Bulegoan, 11:00-13:00 eta 16:30-20:30 ordutegian.

Hamar urtetik gorako gaztetxoek ere badute leku propioa Gabonetako ekitaldietan. Abenduaren 27tik 30era Gabonetako gune bat izango dute Kontzertu Gelan. Eta Ludoteka ere, zabalik egongo da jai egun guztietan, ohiko ordutegian; aurten gainera, programazio berezia dute urtarrilaren 3tik 7ra.

 Covid Ziurtagiria, ekitaldietan eta emanaldietan
Udalak gogoratu du ekitaldi eta emanaldi guztietara sartzeko Covid Ziurtagiria erakutsi beharko dutela 12 urtetik gorako zornotzarrek.