Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskaraz egingo diren ibilaldi gidatuak antolatu ditu Ametx erakunde autonomoak

Euskaraz egingo diren ibilaldi gidatuak antolatu ditu Ametx erakunde autonomoak

2018/03/19
• Bizkaiko hegoaldean dauden mendien gogortasuna eta iparraldera jota aurkitzen dugun itsasoaren goxotasuna edo zangartasuna dastatzeko parada emango digute 12-15 kilometro inguruko ibilaldi hauek. • Ibilaldiak apirilaren 14an eta 21ean, eta maiatzaren 5ean eta 12an izango dira, goizeko 8:00etan hasita. • Autobus zerbitzua izango da etapak hasten eta amaitzen diren lekuetarako, eta Nafarroako parkina izango da batzeko tokia. • Zelaieta zentroan eman beharko da izena, irteerak baino bi egun arinago beranduen jota. Leku kopurua mugatua da.

Hamabi eta hamabost kilometro bitarteko lau ibilaldik osaturiko ekimena antolatu du Amorebieta-Etxanoko Udalaren mendekoa den Ametx erakunde autonomoak, Ibiliaz Ezagutu programaren barruan, Bizkaiko hegoaldean dauden mendien gogortasuna eta iparraldera jota aurkitzen dugun itsasoaren leuntasuna baturik. Lekeitio inguruko txoko ezkutuak, babesleku goxoak Oiz mendiaren inguruko bazter haizetsuenetan, Gorbeiako handitasuna gure txikitasunaz jabetzeko, eta Urkiolako edertasuna.

Ibilaldiak apirilaren 14an eta 21ean, eta maiatzaren 5ean eta 12an izango dira, goizeko 8:00etan hasita. Etapa guztiei emango zaie hasiera Nafarroako parkinean eta autobus zerbitzua izango da bertatik ibilaldien hasiera puntura iristeko eta behin amaituta ere, Amorebietara itzultzeko. Honakoak izango dira, zehazturik, lau larunbat horietan egingo diren ibilaldiak:

Apirilaren 14an, Lekeitio-Lekeitio: Bizkaiko kostaldeko herri esanguratsu eta politenetariko baten bazterrak ezagutuko ditugu, kresal usain artean olatuetatik mendira igoaz.

 Apirilaren 21ean, Barazar-Barazar: Gorbeiako gurutzea etenik gabe zaindari dugularik, bertako larreetan barrena murgilduko gara, antzinako pagadiek liluraturik eta ur-jauzi ikusgarriek harrituta.

Maiatzaren 5ean, Zengotita-Munitibatr: Mila metro inguruko altuera duen Oiz mendiaren iparraldean abiatuko gara, bertako ikuspegiez gozaturik eta Bizkaiko mendi bozineroetako bat zela aldarrikatuz.

Maiatzaren 12an, Kurutzeta-Arrazola: Hain ezagunak ez diren Urkiolako inguru hauetan barrena ibilita, bertako altxorrak ezagutzeko parada izango dugu. Haitz eta pago artean galduz Anbotoko damaren begiradapean beti ere.

Zelaieta zentroan eman beharko da izena, irteerak baino bi egun arinago beranduen jota. Leku kopurua mugatua da.

Jarduera fisikoaren onura, orohar, berekin dakarren arriskua baino handiagoa da. Nolanahi ere, ariketa fisikoa egiten duen orok jakin beharra dauka jarduera horiek eguneroko bizimoduan arriskurik gabe txertatzen, eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartzen.

Informazio orria: HEMEN