Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ekainaren 15ean, Euskaraldiaren aurkezpena

Ekainaren 15ean, Euskaraldiaren aurkezpena

2018/06/04
Euskaraldia ekimena Zornotzan aurkeztuko da ekainaren 15ean, 20:00etan, Pike Parketik abiatuta.

Euskaraldia zer den jakin gura baduzu, erdu ekainaren 15ean Pike Parkera! Egun horretan aurkeztuko da Euskaraldia ekimena Zornotzan, 20:00etan Pike Parketik hasita. Pregoi ibiltaria irakurriko da plazaz plaza, musikagaz girotuta. Animatu eta etorri!

Zer da Euskaraldia?

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean euskaraz egingo dugu. Euskal Herri osoan egingo den ariketa bat da.

Nork antolatzen du?

Euskal Herriko erakunde nagusiak, euskalgintza eta herri-mugimendua elkartu dira ekimen hau antolatzeko: Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Aldundiak, AEK, Kontseilua, UEMA, Berria, EHU...

Zelan egingo dugu?

Bi rol izango ditugu aukeratzeko: ahobizi eta belarriprest. Ahobiziek euskaraz egingo dute euskara ulertzen duten guztiekin (nahiz eta batzuetan solaskideak erdaraz erantzun). Belarriprestek euskaraz ulertzen dute, eta eurei euskaraz egitea eskatuko dute, nahiz eta batzuetan erdaraz erantzun. Beraz, parte-hartzeko ezinbestekoa da euskaraz ulertzea.

11 egun horietan, txapa bat eramango dugu soinean. Horrela, jendeak jakingo du “Ahobizi” edo “Belarriprest” garen.

Hau guztia zertarako?

Ariketa honekin gure inguruko pertsonekin ditugun inertziak apurtuko ditugu. Ohitura berriak sortzen baditugu, euskararen erabilera handitzea lor dezakegu. Probatzeko prest?

Zer egin behar da parte hartzeko?

Euskaraldian parte hartzeko izena eman beharko da, irailaren 20tik aurrera. Rola aukeratu beharko da, eta konpromisoa hartu: 11 egunetan euskaraz egingo dut!

Eta Zornotzan zer?

Ariketa hau antolatzeko lantalde ireki bat sortu dugu Zornotzan. Momentuz Euskaraldia zer den sozializatzen ari gara. Ekainaren 15ean aurkezpena egiteko asmoa dugu, 20:00etan, Pike Parketik abiatuta (aurkezpen ibiltaria izango baita).