Hemen zaude: Hasiera Albisteak Eleizetan jaialdia bueltan da, ermitetan eta elizetan izango diren sei kontzerturekin

Eleizetan jaialdia bueltan da, ermitetan eta elizetan izango diren sei kontzerturekin

2021/08/30
• Irailaren 11tik 26ra izango da jaialdia eta aforoa mugatua izango da. • Sarrera duten herritarrek autobus zerbitzua izango dute ermitetara gerturatzeko.

Amorebieta-Etxanoko ermita eta elizak prest dira, beste urtebetez, Elizetan jaialdiari ongi-etorri egiteko. Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatuta, irailaren 11tik 26ra, estilo ezberdinetako sei kontzertuk osatuko dute aurtengo edizioa  (kartela). Covid 19a dela eta, edukiera mugatua izango da aurten ere, eta ondorioz, sarrerak aldez aurretik eskuratu beharko dira, online www.zornotzaaretoa.eus orrian edo Zelaieta zentrora gerturatuta. Era berean, osasun segurtasunagatik, maskararen erabilera nahitaezkoa izango da.

 Erritmo arabeak eta Barrokotik gaur egunera bidaia, hasteko

Faraj Suleiman pianojole palestinarrak emango dio hasiera aurtengo edizioari, irailaren 11n, 19:30etan. Boroako San Pedro ermitan. Kontzertuan Arabiako doinuak eta erritmoak nagusi izango diren arren, jazzak ere presentzia izango du. Faraj Suleimanen kontzertua erakargarria izango da mendebaldeko zein ekialdeko entzuleentzat.

Irailaren 12an, igandean, Trio Vivo hirukotearen txanda izango da; Garaitondoko San Isidro ermitan izango da kontzertua, 19:00etan hasita. Txirula, biola eta biolontxeloa instrumentuak lagun, Musikeneko ikasleak diren hirukoteak Barrokotik gaur egunera arteko bidaia egingo du musikaren bitartez.

Bi kontzertuetako sarrerak irailaren 3tik aurrera izango dira eskuragarri.

 Beethovenen eta Boccheriniren lanak larunbatean, eta Vocalia koroa igandean

Jaialdiko bigarren asteburuan, irailaren 18an, Bernagoitiako San Miguel eliza izango da aurreneko eszenatokia. Arratsaldeko 19:30etatik aurrera, `La Guitarra Acompañada´ren emanaldia izango da, Bernardo Garcia Huidobroren eta Aiongo laukotearen partaidetzarekin. Bertaratutakoek Beethovenen eta Boccheriniren sorkuntzaz gozatzeko aukera izango dute.

Igandean, irailaren 19an, Etxanoko San Maria elizan, 19:00etan, Vocalia abesbatzaren txanda izango da. Basilio Astulezen zuzendaritzapean, autore garaikideen errepertorioak eskainiko dituzte.

Bi kontzertuetako sarrerak irailaren 10etik aurrera egongo dira eskuragarri.

Jazz, soul, pop, blues eta folk doinuak, azken asteburuan

Musika estilo ezberdinek bat egingo dute Eleizetan jaialdiko azkeneko asteburuan. Irailaren 25ean, Larreako San Joan  Bautista elizan, Patricia Krausek azken lana aurkeztuko du: `Gotas´. Kontzertua 19:30etan hasiko da eta jazz, soul, pop eta blues doinuak entzungo dituzte bertaratutakoek.

Azkeneko egunean, irailaren 26an, Kendra folken txanda izango da. Kontzertua Dudeako San Migelen izango da, 19:00etatik aurrera.

Azken bi emanaldietarako sarrerak irailaren 17tik aurrera eskuratu daitezke.

 Autobus zerbitzua, ermitetara gerturatzeko

Amorebieta Etxanoko Udalak autobus zerbitzua jarriko du sarrerak dituzten herritarrek ermitetara joan-etorria egin ahal izateko. Autobusak kontzertuak hasi baino 30 minutu lehenago aterako dira Gudari kaleko geltokitik. Zornotzarrak Bernagoitiako kontzertura eramango dituen autobusa 45 minutu lehenago aterako da; eta Larreako kontzerturako ez da autobus zerbitzurik izango.  

Eleizetan jaialdiko programa