Hemen zaude: Hasiera Albisteak Berbaldiak

Berbaldiak

2012/12/12
Badira hainbat, euren eguneroko bizimoduan euskaraz egin eta bizi gura arren, aukerarik ez daukatenak eta, ahalegin handiak eginez ikasitakoa gal ez dadin, honen moduko ekintzak eskatu eta behar dituztenak. Horientzat dira BERBALDIAK

Datozen egunotan BERBALDIAK izeneko ekintza abian jarriko da Zornotza Udal Euskaltegiaren eskutik eta Zornotzako AEK euskaltegiaren laguntzaz. Ekintza honen bitartez, beste herri askotan egin bezala, ohiko irakaskuntzan nahiz euskaltegietan ikasi dutenei eta ikasten ari direnei euskaraz hitz egiteko eta ikasitakoa praktikan jartzeko aldiak, guneak eta solaskideak eskaini nahi zaizkie.

Badira hainbat, euren eguneroko bizimoduan euskaraz egin eta bizi gura arren, aukerarik ez daukatenak eta, ahalegin handiak eginez ikasitakoa gal ez dadin, honen moduko ekintzak eskatu eta behar dituztenak. Horientzat dira BERBALDIAK.

Baina zer dira BERBALDIAK? Zer eskaintzen da? Zer eskatzen da?

Berbaldien bitartez, lehen esan bezala, euskara ikasten ibili eta dabiltzanei euskaraz egiteko aukera eman nahi zaie eta euskal hiztuna izatearen garrantzia indartu nahi da. Era berean, herri mailan eta batez ere zenbait arlotan euskararen presentzia areagotu eta erabilera indartu nahi da, euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak batzeko esparruak bultzatuz.

Honelako saioetan berbalaguna izango dugu, herrikoa, euskalduna, gai bati edo batzuei buruz berbaldia burutuko duena. Beste aldetik, berbakideak, hau da, euskara ikasten ibiliak edo dabiltzanak eta erabilera landu eta zabaldu nahi dutenak. Eta azkenik, antolatzailea, udal euskaltegiko arduraduna berbalaguna eta berbakideak elkarrekin jartzen dituena, berbaldiak antolatzen eta jarraipena eginez.

Berbaldiak hamabostean behin eta astegunez egingo ditugu egitasmo honetan parte hartzen duten herriko taberna eta kafetegietan. Horiek izango dira gure berbatokiak. Eguneroko bizimoduan ematen diren egoerez baliatuko gara euskararen erabilera lantzeko, berbalagunak gaia aurkeztuz eta berbakideek galderak eginez eta iritziak azalduz.

Beraz, berandu izan baino lehen, anima zaitez, izena eman eta parte hartu berbaldietan.

BERBATOKIAK

Amets, Auzokoa, Batzokia, Berezi, El Cojo, Far-far, Garamendi, Harrison Etxea, Herriko Belatxikieta, Iruarri, Javi, Kaitana I, Kaitana II, La Amistad, La Viña, Lamixe, Lekuberri, Pike Pub, Saltxa, Singing Frog, Tomasa, Uranga, Urtza, Venecia, Vibe