Hemen zaude: Hasiera Albisteak Araban, Gorbeialdean zehar euskaraz egingo diren ibilaldi gidatuak antolatu ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak

Araban, Gorbeialdean zehar euskaraz egingo diren ibilaldi gidatuak antolatu ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak

2012/03/01
• Udaleko euskara sailaren ekimena da • Paisaiaren edertasuna eta historia, arte, etnografia eta natura elementuak nabarmentzen diren Gorbeialdeko lau paraje bisitatuko dira, gida euskaldunek lagunduta. • Ibilaldiak martxoaren 17an eta 24an, eta apirilaren 21ean eta 28an izango dira, goizeko 8:30ean hasita. • Autobus zerbitzua izango da etapak hasten eta amaitzen diren lekuetarako, eta Nafarroa zentroa izango da batzeko tokia. • Informazio gehiago nahi izanez gero, www.ametx.net web orrian begira daiteke. Zelaieta zentroan eman beharko da izena, irteerak baino bi egun arinago beranduen jota.

Arabako Gorbeialdeko inguru jakinak ezagutzera eramango gaituzten eta euskaraz garatuko diren lau ibilaldik osaturik, “Arabako Gorbeialdea ezagutzen” ekimena antolatu du Amorebieta-Etxanoko Udaleko euskara sailak, Ibiliaz Ezagutu programaren barruan.

Horrela, gidari euskaldunak bide lagun izango dituzte partaideek lau irteera hauetan, paisaien edertasuna eta historia, arte, etnografia eta natura elementuak nabarmentzen diren Gorbeialdearen Arabako txokoak ezagutzeko.

 

Ibilaldiak martxoaren 17an eta 24an, eta apirilaren 21ean eta 28an izango dira, goizeko 8:30ean hasita. Etapa guztiei emango zaie hasiera Nafarroa zentroan eta autobus zerbitzua izango da bertatik ibilaldien hasiera puntura iristeko eta behin amaituta ere, Amorebietara itzultzeko. Honakoak izango dira, zehazturik, lau larunbat horietan egingo diren ibilaldiak:

Martxoaren 17an Ubide-Muruako Harrobiak (8km edo 12 km)

Etapa erraz honetan bi aukera emango dira. Ubidetik hasita, Oketa inguruko pagadien isiltasunaz gozatuz, Muruako Harrobietara helduko da, 8 kilometro inguruko ostera egin ondoren.

Aurrera jarraitu nahi dutenek, arbasoen bizilekuetariko bat bisitatuko dute, Mairuelegorreta, 12 km-ko ibilbidea osatuz.

Martxoaren 24an Murua-Olano (9km).

Ibilbide hau ere erraza izango da, eta ez litzateke harritzekoa izango oreinak, orkatzak edo basurdeak ikustea.

GR-25ean barrena ibiliko dira parte hartzen dutenak, Gasteiz inguruko mendien ibilbidea. Ibilbide lasaia da hau, naturaz gozatzekoa.

Apirilaren 21ean: Sarria – Sarria (Parketxea) (12,5 km)

Etapa hau ere erraza izango da. Burbonako ibilbidea egingo da, pagadien isiltasunaz gozaturik, Baias ibaiaren bizitasunera iristeko. Ibilbide zirkularra da, eta pagoek udaberrian erakusten duten edertasuna eskaintzen du gozagai.

Apirilaren 28an: Altube – Orozko (20 km)

Azken ibilbidea izango da luzeena eta zailtasun handiagokoa. Altubeko pagadietan zehar, igoaz iristen da bidea Araneko harriraino. Gizakien eta otsoen  arteko ezinikusia erakusten du harri horrek.

Kolometatik Itxinaren ikuskizun paregabea eskaintzen du etapa luzeago honek.

 

Informazio gehiago nahi izanez gero, www.ametx.net web orrian begira daiteke. Zelaieta zentroan eman beharko da izena, irteerak baino bi egun arinago beranduen jota.