Hemen zaude: Hasiera Albisteak Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarren sorkuntza bultzatuko du `KM0 2022´ proiektuaren baitan

Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarren sorkuntza bultzatuko du `KM0 2022´ proiektuaren baitan

2021/10/27
`Zornotzarrak kulturaren parte KM0 2022´ programaren barruan, hiru ikuskizun kontratatuko ditu Udalak maiatza eta ekaina bitartean, Zornotza Aretoan eskainiko direnak. • Berrikuntza gisa, sorkuntzarako espazioak eskatzeko aukera ere emango du aurten Udalak.

Amorebieta-Etxanoko Udalak `KM0 2022´ ekimena jarri du martxan, bigarrenez. Ekimena herritarrei dago zuzendua, eta helburua da, banaka, taldean edo enpresa baten bidez artean edo sorkuntzan hasi nahi duten zornotzarrei presentzia ematea. Hala, `KM0 2022´ programan izena ematen dutenek bi aukera izango dituzte aurten: euren lanak Udal espazio batean lantzea edo aurkeztea. Horrez gain, eskaera egiten dutenek, tokiko programa baten babesa izango dute, profesionalizazio bidean eman beharreko aurreneko pausuak zehazteko.

`KM0 2022´ programarekin, Amorebieta-Etxanoko Udalaren nahia da artista berriei beren hastapen profesionaletan laguntzea eta egindako lana herrian ezagutaraztea. Era berean, lortu nahi da herriko artistei arteen eta sormen industrien funtzionamendua eta antolaketa ezagutaraztea. Eta, baita ere, diziplina artistikoak alternatiba profesional gisa aurkeztea, aisialditik haratago izan ditzaketen aukerak erakutsita.

Programaren zeharkako helburuei dagokienean, Amorebieta-Etxanoko Udalak, berdintasunaren bidean, lortu nahi du genero-ikuspegia lantzea bai ikuskizunen kontratazioan, eta baita ere programan parte hartzen duten pertsona guztien egituran eta kudeaketan. Helburua zehatza da: emakumeen partehartzea %40ra iristea. Euskararen presentzia ere bermatu nahi du Udalak `KM0 2022´ programarekin: jendaurreko eskaintzan, barnealdeko lanean eta komunikazioan, erabilera, gutxienez, %50ekoa izatea. Azkenik, integrazioa, aniztasuna eta jasangarritasuna ere jomugan ditu Udalak. Lortu nahi da, aniztasuna bermatzea proposamenetan, kolektibo ahulen integrazioa bultzatuz eta desberdinak errespetatuz; eta baita ere ingurumenarekiko kontzientziazioa landuz.

 `Zornotzarrak kulturaren parte KM0 2022´: epeak eta baldintzak

Programaren xedea da musika, dantza edota antzerkiko hiru ikuskizun kontratatzea, Zornotza Aretoan egiteko, 2021eko maiatzetik ekainera bitartean. Horretarako, aurkeztutako proiektuek deialdiko baldintzak bete beharko dituzte, edo berriak izan beharko dira, hau da, ezin izango dute KM0 programaren aurreko edizioetan parte hartu izan. Izena eman nahi dutenek 2021eko azaroaren 1etik abenduaren 1era bitartean aurkeztu beharko dute txotena, eta bertan azaldu beharko dute: ikuskizunaren deskribapena; lantaldeak eta tokiko partehartzaileek proiektuan duten pisua eta ibilbidea; ikuskizuna Zornotza Aretoan egiteko datak, 2021eko maiatza eta ekaina bitartean, ostiralean edo larunbatean; eta honi guztiari dagokion proposamen ekonomikoa.

Hautatutako proposamenak abenduaren 15a baino lehen jakinaraziko ditu Udalak; erabakia kultura arloko teknikariek edo dinamizatzaileek hartuko dute.

 ‘KM 0 Sorkuntza´ proiektuetarako espazioak lagatzeko programaren ezaugarriak

Bigarren edizio honek badu berrikuntza bat: Udalak espazioak utziko dizkie herritarrei sorkuntza proiektuetarako. Izan ere, aurretik aipatutako kontratazioez gain, Udalak sorkuntza ere bultzatu nahi du. Espazio horiek profesionalek zein profesionalak ez direnek aukeratu ahal izango dituzte, baldintza hautako bat betez gero: diseinuko, arte ederretako, argazkigintzako, ikus-entzunezkoetako, musikako, antzerkiko, dantzako, letretako… ikasleak badira; banaka edo taldeka, baldintzak betetzen dituen proiektu bat aurkezten badute; proiektuko lantaldearen %50etik gora herrikoak  badira; edota KM0 programaren aurreko edizioan parte hartu ez badute.

Espazioen eskabideari dagokionean, proiektua erantsitako dokumentazio gisa aurkeztu beharko da, informazio honekin: deskribapena eta helburuak; lan taldeak edota tokiko partehartzaileek proiektuan duten pisua eta ibilbidea; proiektuaren gutxi gorabeherako kronograma eta espazioa erabiltzeko egutegia; proiektua garatu ahal izateko espazioak izan beharko dituen gutxieneko ezaugarriak; eta eskatzaileak proiektuari emango dizkioten materialak eta baliabideak.

Amorebieta-Etxanoko Udalak gogorarazi du, guneen eskaera urte osoan zehar egin daitekeela, eta lokalak libre dauden egunetan esleituko direla, lehen aipatutako irizpideak kontuan izanda. Hautaketa, Udaleko kultura arloko teknikariek eta dinamizatzaileek egingo dute.

Baldintzei dagokienean, eskaera onartu ondoren, aseguru bat kontratatu beharko da eta hitzarmen bat sinatuko da instalazioak behar bezala erabiliko direla bermatzeko, eta esleitutako egutegia, ordutegia eta araudia behar bezala betetzen direla ziurtatzeko. Era berean, eskatzaileei eskatuko zaie proiektua bukatzean edo lantzen ari diren bitartean herritarrei zabaltzea, irakurketa, hitzaldi, tailer, argitalpen… edo beste edozein formatutan. Aurkezpen hori egiteko, 1.000 euro arteko kontratua edo ordainketa egin ahal izango da, beti ere, proiektuaren arabera eta Udal teknikarien jarraipenaren ostean.

Eskaerak egiteko bidea
Bertaratuta: Zelaieta Zentroan, Zelaieta parkea z/g 48340 Amorebieta-Etxano (astelehenetik ostiralera, 8:30-21:30)
Posta elektronikoz: zelaieta@amorebieta.eus.

Informazio gehiago