Hemen zaude: Hasiera Albisteak Amorebieta-Etxanoko Udalak gazteei zuzendutako lan-eremurako trebetasunei buruzko bi ikastaro antolatu ditu

Amorebieta-Etxanoko Udalak gazteei zuzendutako lan-eremurako trebetasunei buruzko bi ikastaro antolatu ditu

2022/09/21
Ikastaro bakoitzak doako hamar saio izango ditu, 18 eta 29 urte bitarteko pertsonei zuzendutakoak.

Amorebieta-Etxanoko Udalak zeharkako konpetentziei buruzko doako bi ikastaro antolatu ditu, bakoitza hamar saiokoa eta 18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendua. Saio horietan, lan-eremuan aplikatzeko eta enplegua bilatzeko trebetasunak, gaitasunak eta jarrerak landuko dira. Ikastaro hauek Bizkaiko Foru Aldundiak diruz laguntzen duen Udal Gaztedi Durangoaldea proiektuaren baitan kokatzen dira. Hala, Amorebieta-Etxanon bi ikastaro eskainiko dira: lehena (A taldea), urriaren 17tik 28ra, eta bigarrena (B taldea), azaroaren 7tik 18ra, biak 9:30etik 13:30era, Zelaieta Zentroan.

 

Parte-hartzaile batzuk ikasketak behar baino lehenago utzi dituzten gazteak izango dira, beste batzuk unibertsitate-ikasketak egin dituztenak eta lanean aritu eta lana galdu dutenak ere egongo dira bertan. Prestakuntza horren bidez, helburu profesionalak argituko dira, helburuaren araberako ibilbidea egingo da eta ikasitako guztia enplegua bilatzeko prozesuan aplikatzen ikasiko da. Izena emateko epea urriaren 7ra arte egongo da zabalik, Zelaieta Zentroan. Nahi duenak, 946 300650 telefono zenbakira deitu edo zelaieta@amorebieta.eus -era idatzi dezake.