Hemen zaude: Hasiera Albisteak Amorebieta-Etxanoko Udala, berdintasunez jantzitako jaien aldeko kanpainaren sustatzaile

Amorebieta-Etxanoko Udala, berdintasunez jantzitako jaien aldeko kanpainaren sustatzaile

2017/07/13
• Jaietan indarkeria sexualari aurre egiteko ekimenaren harira, herritar arruntak protagonista lanetan aritu diren hainbat bideo ekoiztu dira • Txosna eta barraketan mezuak zabalduko dira errespetuz jokatu eta edozein motatako eraso sexista arbuiatzeko eskatuz

Amorebieta-Etxano, 2017ko uztailaren 12a. Eraso sexistarik gabeko jaiak, berdintasunean bizitzekoak, horixe da Udalak hartutako konpromisoa, aurton sendotu nahi duena. Horregatik, herriko jaietan Berdintasun arloak sentsibilizazio kanpaina jarriko du abian.

Ekimenaren barruan, bideo sorta bat eskainiko da. Protagonistak bertoko herritarrak dira, adin eta lanbide ezberdinekoak, solasean arituko direnak berdintasunari eta jaietako eraso sexistei buruz.

 Horretaz gain, txosna eta barraketan mezu zehatzak zabalduko dira, andreenganako indarkeria mota ezberdinei aurre egiteko, fisiko zein ahozkoei, baita edozein motatako jazarpen eta babesik eza sortzen duten egoerei ere.

 Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 30 urtetik beherako andreen kopuru handi batek genero indarkeria pairatzen du. 15 eta 29 urte bitartekoen kasuan, erasoen kopurua% 29,4 igo da. Gehienetan, gizon erasotzaileak gazte-gazteak dira (eraso sexualen % 30 adingabeek egiten omen dituzte), erasoak gauez edo goizaldean izaten dira, aisialdirako lekuetan, jaietako guneetan, hain zuzen ere.

Bistakoak diren ondorioez gain (kalte fisiko-psikologikoak), andrazkoenganako indarkeriak ikusezinezko ondorioak ere eragiten ditu, erasotuek beldurra barneratzen baitute; gainera, segurtasun eza antzeman eta babesgabe sentitzen dira, eta horren ondorioz,jaietako guneetan ez dira aske sentitzen, beraz, leku horietara hurbildu barik, saihesten dituzte eta bertatik alde egin dezakete.

Horren harira, mutilen jokabidea guztiz garrantzitsua da, erasotzaileei aurre egin eta gizonezkoen arteko konplizitate matxista suntsitzeko, baita kontrol eta indarkeria matxistaren aurrean erantzun aktiboa emateko ere.

Amorebieta-Etxano herriak gizalegez eta berdintasunez jantzitako jaien aldeko aldarrikapena egiten du. EZ esaten duenak EZ! esan gura du. Ez onartu inolako tratu txarrik,  eraso fisiko, ahozko, sexual, arrazista, xenofobo zein homofoboei, EZ!